Carolyn Steel arkitekto eta ikertzaileak Ciudades Hambrientas liburuan dionez, “pertsonak bezala, hiriak jaten dutena dira”. Ezin ditugu banatu hirietako biztanleon elikadura ohiturak eta gure hirien garapena; hau argi ikus daiteke kale eta plaza batzuen trazaduran eta izenean, zein ondare eraikian, baita bestelako adierazpen kultural eta artistikoetan ere: herri jaietan, argazkietam, margolanetan, eleberrietan, musikan, etab.
Gaur egun, planetako biztanleen erdia baino gehiago bizi gara hirietan, eta honek erronka berriak sortzen ditu hiritar guztientzat elikadura bermatzeko garaian; elikagaiak ekoitzi, inportatu, saldu, prestatu, jan, bota… Ikaragarrizko eragina du honek guztiak gure ingurunean. Gizarte eta ingurumen ikuspegitik mundu jasangarri baten sorrerarako bidean “ekohiriak” eraiki nahi baditugu, haien itxuraz gain, hiritarren elikadura ere birpentsatzea beharrezkoa da; erronka benetan zaila elikadura-sistemak ekonomia globalizatuan duen indarra kontuan hartuta.
Eztabaida hau izango du muinean aurtengo URBANBATfest-en edizioak; janariaren eta espazioaren arteko harremana, elikagaiek gure hiriak moldatzen dituzten modua eta beste zenbait gai landuko dira, hirigintzaren, gizarte zientzien eta praktika artistiko eta kulturalen arteko gurutzaketei buruzko hausnarketan.
Hiri guztian zehar izango dira ekintzak azaroaren 25etik abenduaren 3ra arte. Sarrerak URBANBATfest11-ren web orrialdean eskuragarri daude jada.