Beste hizkuntza gutxituen babesean

uriola.eus 2023ko aza. 3a, 15:33

Euskalgintzaren Kontseiluak, biharko manifestazioaren bezperan, prentsaurrekoa egin du gaur Estatuko hizkuntza gutxituen aldeko eragile nagusiekin batera.

Bihar izango da Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurkako “oldarraldi judiziala” salatzeko deitu duen manifestazioa. Dagoeneko euskal gizarteko hamaika eragilek bat egin dute Kontseiluaren aldarrikapenekin eta euren presentzia baieztatu dute. Gaurkoan, ordea, aldarrikapenen babesa beste nonbaitetik etorri da. Gaur Kontseiluak antolatutako ekitaldian katalanaren (Plataforma per la Llengua, Òmnium Cultural, Acció Cultural del País Valencià, Obra Cultural Balear eta Escola Valenciana), galizieraren (A mesa pola Normalización Lingüística) eta asturieraren (Xunta pola Defensa de la Llingua Asturiana eta Iniciativa pol Asturianu) aldeko gizarte eragile nagusietako ordezkariak izan dira, biharko manifestazioari babesa emateko; bestalde, aragoiarraren aldeko Nogará-Religada elkarteak ere atxikimendua eman du.

Ordezkari guztiek aldarrikatu nahi izan dute “Norberaren hizkuntzan bizitzea Espainiako Estatuan milioika herritarri eragozten zaigun giza eskubidea” dela. Bertaratu diren eragileek bat egin dute Idurre Eskizabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariak adierazitako aldarrikapenekin. Ordezkari guztiek eskainitako adierazpenen artean, argi geratu da biharko manifestazioaren bitartez adierazi nahi dena: “Ezin dugu onartu auzitegietan irabazterik gure herrietan garaitu ezin dutena”.

Astean zeharreko mobilizazioak Bilboko zonalde desberdinetan

Biharko manifestazioa aspaldi iragarrita zegoen arren, azken egun hauetan berebiziko oihartzuna izan du hedabide zein kaleetan. Izan ere, ildo horretatik, asteartean, urriaren 31n, hainbat mobilizazio egin ziren Bilbo aldeko zonalde ezberdinetan.