Aurretik hainbat mobilizazio egin ostean, Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon “oldarraldi judiziala”-ren aurkako mobilizazioa egin du. Mobilizazioa Euskalduna Jauregitik abiatu da arratsaldeko 17:00etan eta, Bilboko kale nagusiak zeharkatu ostean, Udaletxera iritsi da. Bertan, ekitaldi desberdinak egin dituzte, dantza eta kantu artean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko; horien artean, bereziki hunkigarria izan da Ruper Ordorikak “Zaindu maite duzun hori” kantua abestu duen unea.
Azken egunetan zehar jasandako eguraldi kaxkarrak zalantza piztu zuen gaurko mobilizazioan parte hartuko zuen jende kopuruaren inguruan. Hala ere, azkeneko momentuan haize indartsua piztu den arren, oro har, eguraldi ona izan dute bertaratutakoek.
Bizitako giroari dagokionez, arratsalde osoan “Euskal Herrian euskaraz” bezalako aldarriak oso presente izan dira. Izan ere, “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat” lemapean, euskalgintzan diharduten eragile desberdinen ordezkariak ia amaigabea zirudien protestaren buru izan dira.
Atxikimendu sozial zabala
Jakinarazita zegoen bezala, gaurko mobilizazioak babes oparoa jaso du euskal gizarteko sektore sozial, sindikal eta politikoetatik. Besteak beste, manifestazioan izan dira EAJ-PNV, EH Bildu, Geroa Bai, EH Bai eta Sumar alderdi nagusiak. Horiez gain, euskal sindikatu nagusiak ere bertan izan dira, tarteko, ELA, LAB, ESK, STEILAS, CHT, CNT, HIRU eta EHNE. Bestalde, atzo hedabide honetan jakinarazten genuen bezala, espainiar estatuko beste hizkuntza gutxituen aldeko eragile nagusietako ordezkariek ez dute huts egin. Hain zuzen ere, horietako askok Kontseiluko idazkariaren ostean, euren
balorazio pertsonala eskaini dute gaurko mobilizazioaren harira eta, era batera edo bestera, euskararen normalizaziorako neurrien beharra nabarmendu dute.
Euskararen normalizaziorako hizkuntz politiken beharra
Udaletxera iristerakoan, Idurre Eskizabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du hitza. Beste zenbait gauzen artean, euskara bizirik mantentze hutsa misterio bat dela adieraziz hasi du hitzaldia, historikoki zein gaur egun bizi dituen debeku eta zigorrei keinu eginik. Hala, azkenaldiko “oldarraldi judiziala”-k euskararen normalizaziorako suposatzen duen arriskua nabarmendu nahi izan du. Alde horretatik, gaurko egunean bertaratutakoak euskaldun eta euskaltzaleek ez ezik, “hizkuntz berdintasunean eta hizkuntz aniztasunean sinisten dutenak” bezala deskribatu ditu.
Funtsean, langileen eskubideekin zerikusia duten auziak direla dioten argudioak ezeztatu nahi izan ditu, eta hizkuntza eskubideetan jarri du fokoa.