Bilbobuseko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko Udaletxean, grebaren hirugarren egunean

uriola.eus 2023ko aza. 6a, 14:29

Grebalariek eskubideak mantentzea aldarrikatu dute, langileen % 100eko babesa izan duen greban.

Bilbobuseko langileek hirugarren greba eguna izan dute astelehen honetan, Bilboko udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzearekin. Bertan, langileek eskubideak mantentzea aldarrikatu dute.

Grebak eragindako lanuzte partzialek 8 orduko eragina izango dute zerbitzuan, lau goizez eta lau arratsaldez. Hori horrela, langileen % 100eko babesa izan du grebak.

Guztira, hamar greba egun deitu dituzte, eta abenduaren 21ean, San Tomas egunean, 24 orduko grebarekin amaiera emango diote erreibindikazioari.

"Aldarrikapenekin tinko"

Langileek adierazi dutenez, grebarekin jarraituko dute akordio batera heldu arte: "Aldarrikapenekin tinko jarraitzen dugu, baita enpresarekin negoziatzeko intentzioarekin ere". Horrekin batera, Bilboko Udaletxearen esku-hartzea eskatu dute, arazoaren konponbidea bermatzeko.

Amaitzeko, Bilbobuseko langileek barkamena eskatu dute grebak biztanleen mugikortasunean izan duen eraginagatik: "Gure barkamena adierazi nahi diegu biztanleei, sortutako arazoengatik".