Palestinaren aldeko mobilizazioa larunbatean

uriola.eus 2023ko aza. 6a, 14:58

Argazkia: Palestinarekin Elkartasuna

Palestinarekin Elkartasuna plataformak larunbatean, azaroaren 11n, Euskal Herriko hainbat hiritan mobilizazioak egingo dituela iragarri du.

Urriaren 28an Palestinarekin Elkartasunak 10.000 pertsona baino gehiago bildu zituen manifestazioa antolatu zuen Bilboko kaleetan. Bertaratutakoek “Estatu sionistaren genozidioa salatzeko eta palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea defendatzeko” bat egin zuten Bizkaiko hiriburuan.

Hala ere, jakina denez gatazka ez da eten. Alde horretatik, plataformak gaur adierazi duenez, azken aste hauetan “gobernu europar eta estatubatuarrak estatu sionista hornitzeko armak, soldatuak eta gerraontziak bidaltzen zituzten bitartean, herri palestinarrarekiko elkartasun adierazpenak debekatzen eta kriminalizatzen jardun dute”. Bestalde, ez dute aipatu gabe utzi nahi izan Espainiako gobernua Israeli ematen ari zaion babesa, “ezkerreko alderdi guztien konplizitatearekin”. 

Horregatik guztiagatik, mobilizazioekin segituko duela iragarri du eragileak. Hain zuzen ere, honako hiru helburuak zehaztu ditu: lehenik eta behin, “genozidio sionistaren konplize diren enpresa eta instituzioak seinalatu eta salatu”; bigarrenik, “estatu sionistarekin kolaboratzen duen Espainiako gobernuaren aurkako presioa handitu”, eta, azkenik, “palestinar erresistentziaren alde” mobilizatzea.

Hala, hona hemen larunbatean, azaroaren 11n izango diren manifestazioen xehetasunak:

- Bilbon, 18:00etan. Plaza Eliptikotik
- Gasteizen, 18:00etan. Bilbo Plazatik
- Iruñean, 12:30ean. Gaztelu Plazatik
- Hendaia-Irun, 12:00etan. Hendaiako tren geltokia > Muga > CAF Irun