“Sarea ehundu enbatari aurre egiteko” lelopean, Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen II. Topaketa ospatu dute azken asteburu honetan, Ziordian (Nafarroa). Ekitaldi horretan, herrialdeko hainbat sindikatu bildu dira; horien artean, Bilboko AZET Etxebizitza Sindikatua.
Topaketak Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearen “zimenduak eta funtzionamendua indartzea” izan du helburu. Horretarako, ehun pertsona baino gehiagok bilgune izan dute Ziordiako Amarauna espazio autogestionatua.
“Oraindik hastapenetan dagoen sarea da gurea, baina Ziordiako egonaldia baliagarri izan zaigu egitura zein antolakuntza fintzen jarraitzeko, eta gure arteko harremana sendotzeko”, azaldu du Sindikatuen Sareak.
Horrekin batera, ekitaldian zehar gauzatutako ekintzetan eguneroko “lan sindikal zein politikoan fokua jarriz” lan egin dutela gaineratu du, bai eta sarearen erronketan eta etorkizunean ere.
Bigarrena, baina ez azkena
Azaroaren 4tik 5era ospatutako ekitaldia ez da izan lehen topaketa. Izan ere, iaz urriaren 29an eta 30ean Goñiko Dorrekoa Euskal Udalekuetan gauzatu baitzuten Hego Euskal Herri mailako lehendabiziko etxebizitza sindikatuen arteko topaketa.
Hala ere, aurretik bestelako topaketa txikiagoak egin ziren. Adibidez, Bizkaiko Etxebizitza Sindikatuen I. Topaketa, 2021eko udazkenean.
Horrenbestez, argi dago proiektuak epe luzerako topaketak aurreikusten dituela eta honakoa ez dela Hego Euskal Herria mailan egingo den azkena.