Atzo, azaroak 16, Donostiako San Telmo Museoan aurkeztu zuen AEK-k 23. KORRIKA. Ekitaldian, antolatzaile nagusia ez ezik, “bidelagunak” edo proiektu aurrera eramaten lagundu duten eragileak ere izan ziren.
Edizioa Irunen hasiko da martxoaren 14an eta, hamar egunen ostean, Bainonan amaituko da. Bertan, amaierako ekitaldia eta hitzaldia eskaintzeaz gain, egun osoko jai-egitaraua antolatuko dute.
Harro Herri
AEK-k hurrengo edizioaren aurkezpena baliatu nahi izan zuen, aurrekoaren balorazio positiboa egiteko. “Aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro KORRIKAn”. Aitziber Balantzegi AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak eta KORRIKA batzordeko kideak 23. edizioa ospatuko duen ekimenaren “herri-aldarri alai eta tinkoa” izateko asmoa nabarmendu zuen.
Halere, harrotasun hori konformismoarekin ez nahasteko azpimarratu zuen Balantzategik. Era berean, erakundeek euskararen normalizazioan duten «ardura garrantzitsua» ekarri zuen gogora: «Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza-politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte». Bien bitartean, orain arte bezala, antolatzaileek jakinarazi zuten KORRIKAk jasoko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko dela Euskal Herri osoan.
Aurtengo edizioan Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektiboa omendua izango da, Frantzian baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidearen alde borrokatzen duen eragilea, hain zuzen.