Hurrengo larunbatean, azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako eguna da. Hala, Euskal Herriko Mugimendu Feministak Bilboko Areatzako Tingladuetan iragarri zituen atzo egun horretarako mobilizazioak. Bilboko mobilizazioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da Jesusen Bihotzetik.
Prentsaurrekoan Amaia Zubietak eta Marijo Martinezek hartu zuten hitza. Lehenik eta behin, ez zituuzten aipatu gabe utzi nahi izan, amaitzen ari den urte honetan, Euskal Herrian izandako erailketa matxistak. Izan ere, joan den azaroaren 7an, gaitz honekin lotuta egon daitekeen beste albiste baten berri izan genuen. Urbasan 7 urteko mutiko baten gorpua aurkitu zuten, aitarenaren ondoan. Ikerketa lanetan dabiltzan iturrien arabera, indarkeria bikarioaren hipotesia da indar handiena duena. Alegia, aitak haurra hil zuela amari min emateko.
Zubietak salatu duenez, “Urtero diogun bezala, gertakari latz horiek indarkeria matxistaren muturreneko ondorio dira, baina badakigu indarkeria matxistak aurpegi ugari dituela eta emakume*, trans eta bollerok gure egunerokotasunean pairatzen dugula indarkeria hori; lantokietan, kalean, etxean, eskolan, lagun artean”.
Erakundeei eta gizonei zuzendutako mezua
Egoera urtero pairatzen dutela salatzeaz gain, gaiak agenda politikoen lehen lerroa hartzeko beharra azpimarratu zuten. Alde horretatik, erakundeei mezua helarazi nahi izan zieten; hain zuzen, egiturazko neurririk hartzen ez duten bitartean, feminismoetatik proposatzen dituzten aldarri ezberdinak hartzea eta horiekin zuriketa morea egitea leporatu zieten.
Era berean, gizonei dagozkien ardurak hartzeko eta euren praktikak aldatzeko exijitu zieten.
Mobilizazioak
Larunbateko mobilizazioarekin batera, hurrengo azaroak 30eko greba orokor feminista aipatu zuten. “Ozen ohiukatzeko eta azaroaren 30ean ere berdin egingo dugu. Euskal Herriko Mugimendu Feministak, beste behin ere, antolatzeko duen gaitasuna erakutsiko du. Argi dugulako hori dela bidea eta gure arteko aliantzak eraikitzea eta autodefentsa feministaz baliatzea izango direla gure tresnarik
eraginkorrenak”.
Esan bezala, mobilizazioak Euskal Herriko hiriburu eta herri ezberdinetan eramango dira aurrera. Bilbokoaz aparte, hauek dira larunbaterako iragarri zituzten mobilizazio nagusiak: Donostian, 12:00etan Bulebarretik, Gasteizen 12:30ean San Anton plazatik, Iruñean 18:00etan Gaztelu plazatik eta Baionan 17:00etan Askatasun plazatik.