Lanuzte partzialak Bilbobusen, asteazkenean

uriola.eus 2023ko aza. 21a, 16:12

Bilbobus. Artxiboko irudia.

Bosgarren egunez, txanda bakoitzeko 4 orduko lanuzteak izango dira: 7:30etik 11:30era eta 17:30etik 21:30era.

Asteazkenean, azaroaren 22an, lanuzte partzialen bosgarren eguna egingo da Bilbobusen, herritarrengan zuzenean eragina izango dutenak. Ohi bezala, lanuzteak lau orduko bi txandetan burutuko dira, goizean eta arratsaldean.

Izan ere, asteartean enpresarekin izandako bileran ezin izan da akordiorik lortu. Beraz, Enpresa Batzordeak lanuzte partzialei eustea erabaki du, enpresarekin bildu izanak balio “positiboa” duela adierazi arren.

Lanuzteekin batera, manifestazio bana egingo dira ere. Lehenengoa goizean izango da, 8:30ean, Elorrietatik abiatuta. Bigarrena, aldiz, 19:00etan hasiko da, Bilboko Intermodaletik.

Horrekin batera, gogoratu beharra dago Batzordeak bi lanuzte gehiago aurreikusi dituela azarorako, 27an eta 29an, eta beste bi abendurako, 4an eta 21ean.