Urriaren 1ean ekin zion 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak bere ibilbideari. Lehendabiziko fasean parte hartu zuten 36 bertsolarietatik, 11k soilik lortu zuten finalaurrekotara sailkatzea. Finalaurrekoetan, sailkatuak aurreko edizioko zazpi finalistekin batera 3 saio osatu dituzte: aurrena, Berrizen ospatutakoa eta Xabat Galletebeitiak irabazi zuena; bigarrena, joan den asteburuan Santurtzin izan zena eta Jone Uria lehena geratu zena eta azkena, berriz, bihar izango da Lemoan, 17:00etan.
Final handira sailkatzeko azken saio honetan 6 bertsolari izango dira kantuan: Nerea Ibarzabal Salegi, Aissa Intxausti Aburruza, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Josune Aramendi, Oihana Bartra Arenas eta Onintza Enbeita Maguregi.
Momentuz, Xabat Galletebeitia eta Jone Uria dira abenduaren 16ko finalerako sailkapena lortu duten bakarrak. Lemoako saioa irabazten duenak ere hala egingo du. Gainontzeko 5 bertsolariak lortutako puntuazioaren arabera sailkatuko dira finalerako. Momentu honetan, Unai Mendiburuk Santurtzin lortutako 565 puntuek markatzen dute gainditu beharreko langa.
Bertsozaleei dagokienez, jarraipen handiko edizioa izaten ari da aurtengoa. Izan ere, saio guztiak bertsozalez beteta egon dira; hain zuzen ere, horren adierazle da bihar Lemoan ospatuko den saioko sarrerak agortu izana. Dena den, sarrerarik gabe geratu direnek edota bertso saioa etxetik ikusi nahi dutenek Bertsoa.eus webgunearen bitartez jarraitu ahal izango dute.