Euskaldunako langileen borroka gogoan

uriola.eus 2023ko aza. 24a, 13:31

Argazkia: EH Bildu Bilbo

Atzo, Deustuko Zubian, EH Bilduk Euskalduna ontziolako langileen borroka omentzeko ekitaldia antolatu zuen. Bereziki, Pablo González omendu nahi izan zuten, langileen protestetan zehar, poliziaren kargen ondorioz, bihotzekoak jota zendu zen Euskalduna ontziolako langilea.

Aurtengo azaroan, 39 urte bete dira Euskaldunako ontziolaren itxieraren harira izandako mobilizazioetan langile bat zendu zela. Hain zuzen ere, protestaz betetako hainbat asteren ostean, 1984ko azaroaren 23an, poliziaren kargen eraginez bihotzekoak jota zendu zen Pablo González. Efemeridea dela eta, EH Bilduk Deustuko Zubiaren azpian ekitaldi berezia antolatu zuen atzo, González eta desindustrializazioaren prozesuaren aurrean borroka egin zituen langile guztiak omentzeko. Ekitaldia ontziola duela lau hamarkada kokatuta zegoen tokian eraman zen aurrera. Bertan, Bea Ilardia Bizkaiko EH Bilduren Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Maria del Río Bilboko Udaleko koalizio abertzalearen bozeramaileak hartu zuten hitza.

Euskalduna Ontziola Bilboko industrializazioaren ikurretako bat izan zen. 1900. urtean sortua, Bizkaiko jarduera industrialaren oinarrietako bat suposatu zuen. XX. mendean zehar jarduera industrialak berebiziko garrantzia izan zuen arren, mendearen azken laurdenean desindustrializazio prozesu basatia bizi zuen hiriak. Alabaina, Ilardiak gogoratu zuen bezala, “1975ean bostehun langile baino gehiago zituzten enpresek Bizkaiko 150.000 industria-enplegu baino gehiagoren % 42 hartzen zuten. Baina 1975 eta 1995 bitartean ehun mila industria-enplegu baino gehiago suntsitu ziren Bizkaian”. Horretaz gain, egun horretan gertatutakoaren eta aldaketa ekonomikoa bultzatu zutenen erantzukizuna azpimarratu zuen; besteak beste, garaian PSOE buru zuen gobernuarena, hain zuzen.

Del Riok, bere aldetik, Euskaldunaren itxierak Bilboko langileriarentzako suposatu zuena gogoratu nahi izan zuen: “Ezin dugu ahaztu 2.700 lanpostu baino gehiago suntsitu zirela Euskaldunan, eta ezin dugu ahaztu enpresa laguntzaileetako eta lantegi txikietako beste milaka pertsonari ere eragin ziela, baita industria-eremutik urrun dauden beste sektore batzuei ere”. Alde horretatik, ez zuen aipatu gabe utzi nahi izan mobilizazio horien baitan emakumeek jokatutako papera. Bestalde, gaur egungo emakumeen eta langileen borrokei erreferentzia egin zien, besteak beste: azaroak 30eko greba feminista orokorra eta Bilbobuseko langileen borroka.

Ekitaldiari amaiera emateko, lore eskaintza egin zuten Gonzalezen omenez.