Euskal Herriko beste hiriburu eta herritan gaurko egunean zehar egin den bezala, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko manifestazioa izan da gaur Bilboko kaleetan. Jesusen Bihotza Plazatik abiatuta, Udaletxerainoko ibilbidea egin dute manifestatzaileek; hala, pankarta eta aldarrikapen feministez bete dituzte Bizkaiko hiriburuko kaleak.
Bilboko Mugimendu Feministako kideek ozen salatu dute “emakumeen eta haurren aurkako indarkeria matxista munduko giza eskubideen urraketarik zabalduena dela”. Era horretan, ez dituzte ahaztu gabe utzi nahi izan 2023an, gaurdaino, gisa honetako indarkeriaren ondorioz eraildako lau emakumeak, baita zifren atzetik agerian geratzen ez diren beste indarkeria matxista guztiak ere. Alabaina, salatu dutenez, datu ofizialen arabera, emakumeen aurkako sexu-erasoak %27 igo dira aurten.
Edozelan ere, indarkeria matxistaren gaitzaren aurrean mugimendu feministaren indarra gogorarazi dute: “Emakumeen kontrako indarkeria ez da kasualitatez gertatzen, sistema kapitalistak, heteropatriarkalak eta arrazistak erabiltzen duen tresna da, denok sexu-hierarkian mantentzeko eta beldurra, mendekotasuna eta kontrola nagusitu daitezen emakumeongan. Baina indartsuak gara, asko gara eta antolatuta gaude!” aldarrikatu du Udaletxe aurrean egin duten amaierako ekitaldian hizlarietako batek.
Emakume palestinarrak gogoan
Aurtengo mobilizazioan presentzia nabarmena izan du herri palestinarraren auziak, emakume palestinarrenak, bereziki. Izan ere, ibilbide osoan Palestinako bandera ugari ikusi izan dira eta hitza hartu dutenek ere haiei zuzendutako elkartasun mezu ugari bidali dizkiete. Alde horretatik, hasiera batetik argi utzi dute herrien subiranotasuna eta herriek justiziaren alde borrokatzeko duten eskubidea defendatzen dutela.
Zaintza eskubidea ere presente
Ugariak izan dira hurrengo azaroaren 30erako iragarrita dagoen greba feminista orokorrari egindako keinuak, baita bertan parte hartzeko deiak ere. Hain zuzen ere, adierazi dutenez, “zaintzaren eremua indarkeriaren eta diskriminazioaren beste ardatz bat da”. Ildo horretatik, faktore ugari (sexua, generoa, arraza, gizarte-klasea, dibertsitate funtzionala…) elkar gurutzatzen diren afera dela deritzote. Horren harira, gizonei dagozkien ardurak hartzeko eskatu diete; erakunde publikoei dagokienez, berriz, zaintzak negozio-esparru ez bihurtzea. Horretarako, zaintza-sistema publiko baten beharra aldarrikatu dute.