Aiaraldeko, Uribe Kostako eta Durangaldeko enpresetako langileek lantegien itxiera eta enpleguaren suntsipena salatzeko mobilizitu dira gaur, Bilbon. Hala, industriaren eta eskualde horien etorkizuna babestu nahi izan dute. Enpresa bakoitzetik sindikatu desberdinek egin dute mobilizaziorako deia: Glavistaren kasuan, ELA eta LAB; Mecanerri dagokionez, ELA, ESK, LAB eta CCOO; eta Microdecoren izenean, ELA, LAB eta CCOO.
Salatu dutenez, hilabeteak daramatzate bizi duten egoera salatzen, besteak beste: euren eskualdeetako enpresen deslokalizazioa, enpresen itxiera, kaleratzeak, lan-baldintzen prekarizazioa edota desindustrializazioa. Era horretan, azken urteetan aurrera eramaten ari diren enpresen itxierari eta lanpostuen suntsipebari egin diete erreferentzia.
Eusko Jaurlaritzari mezua
Langileek kezka adierazi dute egungo euskal industriaren inguruan. Horregatik, erakundeen esku-hartzea eskatu dute. “Bada garaia erakunde publikoek eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak erantzukizuna bere gain hartzeko eta desindustrializazio hori geldiarazteko baliabide guztiak jartzeko” adierazi du Javi Santos Gravista enpresako LABeko ordezkariak.
Horregatik guztiagatik, politika industrialen beharra azpimarratu dute, multinazionalen esku gera ez dadin eta kalitatezko enplegua bermatzeko. Horretaz gain, borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi dute, euren “etorkizuna arriskuan jartzen duten erabaki horiei guztiei aurre egiteko”.