Gaur, azaroak 29, Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun Eguna da. Egunaren garrantzia dela eta, Kakitzat Koordinadore Antimilitaristak agerraldia egin du, Espainiako Gobernuaren Bizkaiko ordezkariordetzaren aurrean. Mobilizazioaren helburuak, besteak beste, gastu militarraren handitzea eta tropak zein armak bidalketa salatzea izan da, baita Israelgo armada herri palestinarraren aurka egiten ari den genozidioa gelditzeko eskatzea ere. Horretaz gain, alde horretatik euskal erakundeak hartzen ari diren jarrera kritikatu dute.
Agerian utzi nahi izan dute ere Espainiako Estatuaren eta Europar Batasunaren hipokresia. “Giza Eskubideen balioak defendatzen dituztela diote, biztanleria palestinarra babesten ez duten bitartean, eta armak bidaltzen dizkiote Israelgo armadari, aurrekontu militarra handitzeaz gain”.
Alde horretatik, aipatu beharra dago arratsaldean Palestinarekin Elkartasuna ekimenak, Euskal Herriko beste zenbait hiritan bezala, mobilizazioa antolatuko duela Bilboko Udaletxe Plazan, arratsaldeko 19:00etan.
Bilbo Handiko enpresei zuzendutako kritika
Salatu dituzten arma bidalketak egiten dituzten artean, badirudi Bilbo Handiko bi arma-enpresa daudela: ITTP Aero (Barakaldon eta Sestaon lantegiak dituena) eta Sener (Getxon kokatuta dagoena).
Horietaz gain, EAEn jarduera ekonomiko honetan parte hartzen ari diren beste bi enpresa aipatu dituzte: SAPA (Andoainen du egoitza) eta Aernova (lantegia Gasteizen duena).