Azaroak 30

Zaintza sistema publiko baten alde

uriola.eus 2023ko aza. 30a, 16:47

Milaka pertsonek Bilboko kaleak bete dituzte goizeko lehen ordutik lehendabiziko greba feminista orokorrean, gaur egun zaintza lanak egiten dituzten langileen lan-baldintzak salatzeko eta, alde horretatik, erakundeen zein gizonen inplikazioa eskatzeko.

Gaur, azaroak 30, lehendabiziko greba feminista orokorra dugu Euskal Herrian. Hala, Hego Euskal Herriko beste zenbait hiritan bezala, Bilbon hamaika mobilizazio izan dira goizean hiriburuko leku desberdinetatik. Izan ere, pikete informatiboak izan dira hiriko puntu ezberdinetan goizeko lehen orduan.

Eguneko mobilizazioak barrutika eratutako greba komiteek antolatu dituzte. Era horretan, goizeko 7:30etan hasi dituzte mobilizazioak, Bilboko lau puntu desberdinetatik: Juan de Garay, La Salve, Enekuri eta San Mames. Eguneko eguraldi txarrari aurre eginez, hainbat ekintza eraman izan dituzte komite guztiek (kazeloradak, gosaria edota kalejira, esate baterako). Edozelan ere, denek 12etan bat egin dute Udaletxearen aurrean. 

Hiriaren erdigunean ere mobilizazio aipagarriak izan dira. Hain zuzen ere, 10:15etan Gran Via kaleko 50. zenbakitik abiatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiraino egin dute mobilizazioa, bidean zenbait pikete aurrera eramanez. Bertan, kazelorada baten bitartez, zalaparta nabarmena sortu dute eta GUFE-ko (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) langileek hartu dute hitza. “Gure zentroetan (kudeaketa publikoak direnak) eskaintzen diren zaintzak, gehienetan, nahikoak ez direla esan dezakegu. Ematen dugun zerbitzua kalitatezkoa izatea gustatuko litzaiguke. Baina, egungo ereduak bereizgarri duen langile urritasunak erabiltzaileen bizi-baldintzak hobetzea helburu duten zerbitzu eta proiektuak garatzeko ezintasuna dakar” adierazi du GUFEko langilea den Maria Apellanizek. Horren harira, zaintza sistema aldatzeko beharraren eta, alde horretatik, botere publikoen kudeaketaren garrantzia azpimarratu du.

Hainbat eragile presente

Hiriburuko puntu ezberdinetatik abiatutako mobizilizazioek bat egin dute Udaletxe aurrean 12:00ak inguruan. Bertan, gaurko eguneko greba feminista orokorrarekin atxikimendua erakutsi duten sindikatuetako ordezkariek hartu dute hitza, baita Euskal Herriko Bilgune Feministakoak ere: Amaia Muñoa (ELA), Garbiñe Aranburu (LAB) eta Nahia Torrealdai (Euskal Herriko Bilgune Feminista).

Hirurak egungo egunak suposatzen duen mugarria aipatu dute. Aranburuk, zaintzaren ardura guztiona dela irudikatzeko balio izan duela azpimarratu du: “Zaintza lanak aitortu, baloratu egin behar dira. Zaintza lanak banatu, berrantolatu, kolektibizatu egin behar dira”. Muñoak, bere aldetik, eguna bera mugimendu feminista beste eragileekin egiten ari diren lanaren adierazle dela aipatu du; horretaz gain, gaurko eguneko aldarrikapenei erakunde publikoei erantzuteko beharra nabarmendu du. Torrealdaik, berriz, greba honen deialdira eraman duen prozesuari egin dio erreferentzia eta grebarako deia zergatik egin duten azaldu du: “Greba da auzi ekonomiko eta ideologikoa delako, baina baita klase auzi bat ere, generoaz eta arrazaz erabat gurutzaturik dagoena”.

Aldarrikapen ugari zaintzen auziaren atzean

Udaletxeko ekitaldiari Bilboko Pleno Herrikoiaren performancearekin eman zaio amaiera. Manifestazioaren amaierako zati honetan, Zain eta Tza izeneko bi pertsonaiek eragile ugariri eman diete hitza. Era horretan, egunari eta auziari garrantzirik kendu ez dioten arren, goizeko mobilizazioa modu dinamikoan agurtu dute. Hala, zaintzen auziaren atzean dauden arazo ezberdinen inguruan hitz egin duten pertsonek parte hartu dute eta arazo horien garrantzia azpimarratu dute, besteak beste: zaintza zerbitzuen azpikontratazioa, pentsiodunentzako 1080 euroko gutxieneko pentsioa edota erroldatzeko eskubidea. Azkenik, greba feminista orokorraren lehen zatiko azkeneko ekitaldia Bilboko atzerritartasun bulegoaren aurrean egin dute. Bertan, etxeko langileek kolektiboko zenbait kidek performance bat eskaini dute, bizi duten lan esplotazio egoera salatzeko.

Arratsaldeari dagokionez, mobilizazio nagusia aurreikusita dago. Auzo ezberdinetatik batera joateko deialdia egin den arren, manifestazio handia 17:30etan hasiko da Jesusen Bihotza Plazatik.