Zabaldu da Rafael Mikoleta euskarazko XXXVI. ipuin lehiaketan parte hartzeko epea

uriola.eus 2023ko abe. 4a, 14:04

Argazkia: Bilboko Udala

Bilboko 8 eta 16 urte bitarteko ikasleek urtarrilaren 26ra arte aukera izango dute euren ipuinak aurkezteko.

Rafael Mikoleta euskarazko ipuin lehiaketaren 36, edizioa izango da aurtengoa. Lehiaketa lehenengo euskal gramatikaren egilearen omenez egiten da eta ikasleen artean euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna zabaltzea du helburu.

Zehazki, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek parte hartzeko aukera izango dute. Ipuinak aurkezteko epea gaurtik urtarrilaren 26ra arte egongo da irekita.

Lehiaketa Bilboko Udalak antolatzen du 1988az geroztik eta aurreko edizioan, esate baterako, 1.004 ipuin aurkeztu ziren. Orotara, lau kategorietan sailkatuko dira parte hartzaileak: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak; DBHko 1. eta 2. mailakoak eta DBHko 3. eta 4. mailakoak. Horietako bakoitzean, 1. sariak 200 euroko balioa duen oparia jasoko du, 2. sariak 160 eurokoa eta 3. 120 eurokoa.

Gai librekoak izanik, aurkeztutako ipuinek honako baldintzak bete beharko dituzte: euskaraz idatzita egotea eta marrazkiak izatea. Lanak urtarrilaren 26ko 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dira Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko Euskarako Zuzendaritzan (Venezuela plaza 2, 7. solairua, 48001, Bilbo).

Epaimahaiari dagokionez, literaturaren munduko pertsonek osatuko dute: Eneko Zuloaga, Galder Urzaa, Goizalde Landabaso, Igone Etxebarria, Irune Urrizelki, Juan Ramon Madariaga, Lutxo Egia eta Txani Rodriguez-, eta maiatzean emango dute epaia.

Aurtengo edizioko bereizgarritasun bat “Bilbo Balioen Hiria” saria izango da. Horren bitartez, Bilboko Balioen Agirian jasotako balioetakoren bati erreferentzia egiten dieten bi ipuin onenak sarituko dira. Horietako bakoitzak 170 euro balioko saria izango du, eta DBHko ikasleentzat izango dira biak.