Euskara erdigunean

uriola.eus 2023ko abe. 5a, 09:12

Herenegun, abenduaren 3an, euskararen nazioarteko eguna izan zen. Bihartik igandera bitarte, ordea, 2023ko Durangoko Azokaren txanda izango da.

Bi egun pasa dira jada euskararen nazioarteko egunetik. Bertan, erakunde, norbanako zein eragile ugarik egun berezi hori ospatzeko eta euskararen normalizazioaren aldeko ekintzak egin zituzten. Erakundeek, esate baterako, Batu ditzagun ahotsak, eraldatu dezagun etorkizuna lelopean hainbat ekintza egin zituzten igandean bertan. Horretaz gain, Gaitu ekimenak, adimen artifizialak euskaraz egin dezan, ahalik eta herritar gehienen milaka ahots biltzea du xede. 

Gaitu.eus webgunearen bitartez, bi eratara parte hartu dezakete norbakoek:  idatzita dauden esaldiak irakurrita, ozenki grabatzen den bitartean, zein beste batzuek grabatutako esaldiak entzun eta baliozkotuta. Dagoeneko, 8.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute.

2023ko Durangoko Azoka

Bihar hasiko da euskara kulturarentzat urteroko datarik garrantzitsuenetako bat: Durangoko Azoka. Abenduko zubiarekin batera, igandera arte luzatuko da aurtengo edizioa. 

58. edizioa izango den honetan, 265 ekitaldiz osatutako egitaraua izango dugu. Horretaz gain, 257 erakusmahaitan banatutako 170 partaide izango dira eta 950 nobedade erakutsiko dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai.

Edozelan ere, Durangoko Azoka itxi eta biharamunean, Zu Non Han DA! ekimena hasiko da. Azokako nobedadeak Euskal Herriko 88 dendatara helduko dira, eta horietatik 27tan liburu aurkezpenak egingo dituzte. Bilboko txanda abenduaren 12tik 13ra izango da.