Bizkaiko kirol sektoreko langileek lanuzteak egingo dituzte hitzarmen baten alde borrokatzeko

uriola.eus 2023ko abe. 11a, 12:30

Gaur eta bihar artean, abenduak 11tik 12ra, Bizkaiko kirol sektorearen langileek lanuzteak eta mobilizazioak egingo dituzte sektoreko hitzarmen bat eskatzeko.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Bizkaiko kirol sektoreko langileak lanuzteak hasiko dituzte gaur. Bihar arte luzatuko diren mobilizazioen artean, Bilbon ere goiz eta arratsaldez izango dira. Egingo dituzten lanuzteei dagokienez, goizeko 9:30etatik 11:00etara luzatuko dira; arratsaldean, ordea, 17:30etatik 19:30etara izango dira.

Esan bezala, mobilizazioen helburua sektoreko hitzarmen bat lortzea izango da. Izan ere, salatu dutenez, egungo egoera dela eta, langileak prekarietate egoeran bizi dira: partzialtasun handia, soldata txikiak, kontziliatzeko zailtasunak…

Mobilizazioak gaur goizean

Gaur goizean, Bizkaiko beste hiri eta herri batzuetan bezala, langileek elkarretaratzea egin dute Azkuna Zentroaren aurrean. “Gaurko lanuzteen bitartez, patronalari atentzioa deitu nahi diogu. 10 hilabete daramagu negoziatzen eta azkeneko bileran nolabaiteko keinua egin zuen zerbait ekartzeko. Langileak nazkatuta daude jada, aspaldi esan genuen 35 orduak lortuko ditugula eta ez diogula IPC-ari uko egingo. Beraz, itxaroten ari gara ea proposamen sendo bat dakarten edo negoziaketa hasten den behingoz” adierazi du Iñigo Alonso LAB Sindikatuko ordezkariak.

Egun indarrean dagoen hitzarmenak 35 urte ditu, greba ugariren ostean lortutakoa. Oraingoan, hitzarmena berritzea eskatzen dute. “Gaurkoa termometro moduko bat da, eta ikusiko dugu nola Bizkaian hainbat zentro geldituko diren. 19an beste hitzordu bat dugu patronalarekin eta espero dugu bertan proposamen sendo hori gauzatzea” argi utzi du Alonsok.

Momentu honetan 2500 langile dira sektore honetan dihardutenak Bizkaian eta, argitu dutenez, horien gehiengoa udalen esku dauden kiroldegietan daude. Zentzu horretan, erakundeei mezu argia helarazi izan nahi diete, azpikontratatzen duten zerbitzuetan esku hartu dezaten, langileen lan-baldintzen alde jarduteko.