Indarrean sartu da gaur Bilboko TAO sistema berria

uriola.eus 2023ko abe. 11a, 13:52

Bilboko aparkalekua arautzeko araudi berria gaurtik aurrera egongo da indarrean. Berrikuntzen artean, honakoa da aldaketa nabarmenena: bi eremu handi ezarriko dira Bilboko aparkalekua arautzeko (eremu intentsiboa eta bizitegi-eremua).

Joan den urriaren 30ean indarrean sartzea aurreikusita bazegoen ere, gaurtik aurrera Bilbok aparkatzeko araudi berria izango du. Izan ere, lehen data horretan, arazo tekniko batzuk tarteko, araudi berriaren ezarpena erabaki zuen Udalak. Alde horretatik, azken lau egunetan, abenduaren 6tik 10era, ez da TAO zerbitzurik egon hiriburuan, egokitzapen teknologikoa ahalbidetzen duten beharrezko lanak egin ahal izateko.

Ordenantza berriarekin, egoiliarren bereizgarriak esleitzeko, espazioa koadrantetan banatzen da. Koadrante bakoitzari esparru bat dagokio, eta koadranteko bizilagunek esparru horretan aparkatu ahal izango dute.

TAO indarrean izango duten esparruak eremu handi bitan sailkatuko dira: bizitegi-eremuan edo eremu intentsiboan. Eremu bi horiek definituko dituzte kalean aparkatzearen ezaugarriak, batez ere ordutegiari dagokionez.

Egoilarrentzat bi multzotan sailkatuko dira aparkalekuak: sektore berdea eta urdina. Lehenengoaren kasuan, egoiliarren bereizgarria daukaten ibilgailuek tiketa atera beharrik gabe aparka dezakete. Ez dauka denbora-mugarik. Bigarrenari dagokionez, ordea, sektorearen eta ordutegiaren arabera aparkatuko beharko dute tiketa aterata eta dagokion tasa ordainduta.

Edozelan ere, zenbait hedabidek ohartarazi dutenaren arabera, TAO zerbitzu berria arazo ugari izaten ari da lehen ordu hauetan; batik bat, Androidentzako aplikazioari edota parkimetro batzuen funtzionamenduari dagokionez.