2023ko Durangoko Azoka joan den abenduaren 10ean amaitu zen arren, Zu non, han DA! egitasmoaren bitartez euskal literaturaren urteko produkzioaren uzta Euskal Herri osora zabalduko dute. Izan ere, laugarren edizioa izango da aurtengoa.
Orotara, 88 liburu dendek parte hartuko dute egitasmoan, azokan aurkeztutako nobebadeak ezagutzeko aukera emango dutenak. Horretaz gain, 27 dendatan liburuen aurkezpenak izango dira. Besteak beste, hiru liburu izango dira gaur eta bihar artean Bilbon aurkeztuko direnak: Eva Perez Ponsen “Erresistentziarako gorputzak: bollerak”, Alex Txikonen “Manaslu neguan” eta Reinhold Messneren “Zain dezagun mendia”.
“Erresistentziarako gorputzak: bollerak”
Eva Perez-Ponsen saiakera hau bollera identitatearen inguruan egituratuta dago. Bertan, Perez-Ponsek zaurgarritasunaren ulerkerari buelta bat eman dioten hainbat hausnarketa jaso ditu. Hala, Elena Olaverekin batera, liburuaren aurkezpen berezia (errezitaldi formatuan) izango da gaur, 18:30ean Bilboko Poza kaleko Elkar dendan.
“Zain dezagun mendia”
Liburu honetan zehar, Reinhold Messner mendizale ospetsuak honako mezua zabaldu nahi du: mendia zaindu behar dugu ez badugu nahi masa-turismoak hondora eraman dezan. Bere esperientziatik abiatuta, mendia eta natura maite duten guztiekin partekatu du gogoeta.
“Manaslu neguan”
Alex Txikonek liburu honetan Manasluko tontorrera heldu zeneko bizipenak eta sentipenak deskribatzen ditu. Messnerren liburuarekin batera, Txikonena ere abenduaren 13an, 18:00etan, Libros de Ruta-LDR Sport liburudendan aurkeztuko dute. Ekitaldian, bi autoreez gain, Ioritz Gonzalez kazetaria, Argiñe Areitio Sua argitaletxeko editorea eta Juanjo San Sebastian mendizalea batuko dira.