Dena prest 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako

uriola.eus 2023ko abe. 13a, 15:26

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Atzo egin zuten zortzi bertsolariek Bilbao Arenan edizio honetako finalaren aurkezpena. Haiekin batera, larunbateko irabazleari txapela jantziko dion Begoña Iturrizak parte hartu zuen.

Larunbatean, abenduaren 16an, arratsaldeko 17:00etan ospatuko da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala. Bertan, honako bertsolariak arituko dira kantuan: Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. 

Era horretan, atzo goizean, finalaren aurkezpena egin zuten Bilbao Arenan.

Maiatzean hasitako ibilbidea

Bilboko Uriolan idatzi dugun bezala, aurtengo edizioa 2023ko maiatzean hasi zen Udabarria Bertsotan sailkapen fasearen bitartez. Urriaren 1ean ekin zion 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak bere ibilbideari. Lehendabiziko fasean parte hartu zuten 36 bertsolarietatik, 11k soilik lortu zuten finalaurrekotara sailkatzea. Finalaurrekoetan, sailkatuak aurreko edizioko zazpi finalistekin batera 3 saio osatu dituzte: aurrena, Berrizen ospatutakoa eta Xabat Galletebeitiak irabazi zuena; bigarrena, joan den asteburuan Santurtzin izan zena eta Jone Uria lehena geratu zena eta azkena, berriz, Lemoan Nerea Ibarzabalek irabazitakoa. Gainontzeko bost bertsolariak puntuazioz sailkatu dira.

Zortzi bertsolari, zortzi bizipen

Atzoko ekitaldiek finalistek aukera izan zuten finalera nola iristen diren azaltzeko. Egungo txapeldunak duela azken hiru urteetako txapelketen segidari amaiera emateko gogoak aipatu zituen, baita aurreko edizioan izandako sentsazioak errepikatzekoak ere. Oihana Bartrak bederatzi urteren bueltan finalera itzultzeak eragin dion poztasuna nabarmendu zuen. Etxebarriazarragak, bere aldetik, pandemiaren testuingurutik kanpoko final bat gozatzeko aukeran jarri zuen fokoa. Pagonabarragak azken edizioko sentsazioei buelta emateko gogoa erakutsi zuen, baita beste behin finalera iristeak suposatzen duen lasaitasuna nabarmendu ere. Jone Uriak final bakoitzaren berezitasuna nabarmendu nahi izan zuen eta, finalean bost emakume egotea albiste ona dela onartu arren, finalaurrekoetan egon direnen kopurua igo ez dela gogorarazi zuen. 

Aurtengo finalean arituko diren bi lekeitiarrei dagokienez, Galletebeitiak gogoratu zuen larunbatean ez dela bertsolari onena erabakiko, arratsalde horretan hobeto aritu dena baizik. Aissa Intxaustik, azkenik, finalera iristeak eragindako poza eta bertan beretik kantatzeko gogoa azpimarratu zituen.

Finaleko xehetasunak

Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta 15:30etan zabalduko dituzte Bilbao Arenako ateak. Finaleko sarrerak eskuratzeko aukera dago oraindik  https://www.bertsosarrerak.eus/sarrerak/sarreren_salmenta_orria orrialdean. Sarrerarik geratuko balitz, zapatuan bertan, Bilbao Arenako txarteldegian: 15:00etatik aurrera.