Cecosa hipermercados SLk kudeatzen duen eta Elorrion kokatuta dagoen biltegiko langileak astebeteko greba hasi zuten astelenean, abenduaren 11n; garrantzitsua da gogoratzea, Eroskik duen biltegi nagusia dela. Bertatik irtetzen dira Espainiako Estatuaren iparralde osoa hornitzeko salgaiak. Langileak pairatzen duten prekarietatea salatzen ari dira. Izan ere, enpresa batzordea osatzen duten bi sindikatuek (ELA eta LAB) gogoratu dutenez, gutxieneko soldata kobratzen dute biltegiko 130 langileek, horietako asko arrazializatuak. Horrez gain, txandaka zein jaiegunetan lan egiten dute, zama handiak manipulatzen dituzte eta atseden-egunetan lan egitera behartuta daude.
Esan bezala, atzo Bilbon egindako elkarretaratzea astelehenean hasitako grebaren baitan kokatzen da. Alabaina, Lanagileen baldintza latzak aztertzeko enpresarekin hainbat bilera egin ondoren, eta hobekuntzarik lortu ez zenez, komiteak 5 greba-egun deitzea erabaki zuen (abenduaren 11tik 16ra), gaur egun biltegian lan egiten duten baldintzak duintzeko helburuarekin.
Hortaz, honakoak dira aste honetako mobilizazioekin lortu nahi dituzten helburuak: Bizkaiko Elikaduraren hitzarmena aplikatzea, laneko osasun eta prebentzioan neurri eraginkorrak izatea, ordaindutako atsedenaldiak eta aldaketa arbitrarioekin eta alde bakarreko malgutasunarekin amaituko duen urteko egutegia.
Atzokoaren ondoren, gaur martxa bat egingo dute arratsaldeko 17:00etan Abadiñoko Eroskitik abiatuta, Durangoko Andra Mari plazaraino.