Europar Batasunak Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna (PEMA erdarazko sigletan) onartu du berriki. Horren aurka protestazeko, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak ekintza bat egin du gaur goizean Guggenheim museoaren aurrean. Izan ere, salatu dutenez, itun horrek mugarri atzerakoi bat suposatzen du, “Genevako Konbentzioaren aurkako eta Haurren Eskubideen Gutunaren aurkako” ituna baita.
Beste zenbait aldarrikapenen artean, manifestariek itun horren bitartez “asilorako eskubide unibertsala indargabetu” nahi dela salatu dute. Alegia, eskubidea herrialde jakin batzuetatik datozenek baino ezin izango dutela erabili. Era horretan, “haurrek beren familiekin egoteko duten eskubidea” murrizteko arriskuan jarri dute fokoa.
Bestalde, itunak Europaren “aurpegirik insolidarioena” erakusten duela adierazi dute, beren etxeak uztera behartuta dauden pertsonen eskubideak murrizten duelako. Alde horretatik, PEMAk mugarri atzerakoia dela uste dute. Horretaz gain, argi utzi nahi izan dute gaur plazaratu duten kezka ez dela haiena bakarrik, Europa osoko mugimendu eta erakundeena baizik.
Ekintzari dagokionez, indakeriarik gabeko mobilizazioa izan da. Bertan, 30 metro luzeko pankarta erraldoi bat zabaldu da, non ingelesez "Eskubideak, ez heriotzak" irakur zitekeen, itsasadarreko piragua batetik hiru aktibistak bengalak pizten eta bandera hori ezagunak astintzen zituzten bitartean. Museoaren ondoan, dozenaka aktibistek, itunaren aurkako pankarta baten azpian, pertsona migratzaileen eskubideen aldeko eta mugen militarizazioaren aurkako leloak oihukatzen zituzten.