Nerea Ibarzabal 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelduna

uriola.eus 2023ko abe. 18a, 12:43

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Nerea Ibarzabal Salegik eskuratu zuen txapela larunbateko finalean, buruz burukoa Jone Uriarekin jokatu eta gero. 

4.400 bertsozale baino gehiago elkartu ziren larunbatean jokatu zen 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Bertan, aurreikusita zegoen bezala, finalaurrekoetan sailkatutako zortzi bertsolari aritu ziren kantuan: Nerea Ibarzabal, Aitor Etxebarriazarraga, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Gorka Pagonabarraga, Xabat Galletebeitia, Aissa Intxausti eta Jone Uria.

Saioa punta puntakoa joan zen hasierako agurretatik. Bada, saioaren lehen zati puntuagarria bukatuta, puntu gehien lortutako bi bertsolariek buruz burukoa jokatzea tokatzen zen. Txapelketako guztietan ohikoak diren kinielak tarteko, zalantza handiak zeuden saioaren bigarren fasea jokatuko zuten bi bertsolarien izenen inguruan. Azkenean, aurreko edizioko buruz buruko berdina geratu zen: Nerea Ibarzabal eta Jone Uriaren artekoa.

Hiru ariketaz osatutako bigarren fase honetan, indartsu aritu ziren biak. Bilbao Arenan giro aparta zegoen eta txalo zaparrada itzela jaso zuten bertsolariek kantatutako bertso bakoitzean. Bada, ariketa puntuagarriak amaitu ostean, Ibarzabalek jantzi zuen berriz ere txapela.

Horrela geratu zen sailkapena:

Nerea Ibarzabal             1036.50
Jone Uria                       1029.00
Xabat Galletebeitia          616.50
Gorka Pagonabarraga     609.00
Onintza Enbeita               607.00
Oihana Bartra                  606.50
Aitor Etxebarriazarraga   556.50
Aissa Intxausti                 550.00