57 film proiektatu dira aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian

uriola.eus 2023ko abe. 19a, 18:37

Argazkia: Mendi Film Festibala

Abenduaren 8tik 17ra ospatu da 2023ko edizioa. Orotara, mundu mailako 17 estreinaldi eta 57 film proiektatu dira. 

Joan den igandean, abenduaren 17an, amaiera eman zitzaion BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 16. edizioari. Abenduaren 8an hasita eta gero, aurtengo edizioan zehar 7.362 pertsonek hartu dute parte. Proiektatu diren 57 filmak jatorri ezberdinetakoak izan dira; zehazki, Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialdeetako filmak izan dira.  Horretaz gain, Mundu mailako 17 estreinaldi izan ditu. 13 sari banatu dira 10 filmen artean, guztira 24.800 euroko diru-ordainarekin. WOP Fundazioa - Mendi Film Sariaren 10. edizioan, Edurne Pasaban Lizarribarri egin zaio aitortza.

Ikusle datuak iazkoak baino baxuagoak izanik ere (9.000 ikusle 2022an), duela bi urtekoaren pare daude, ordukoarekiko okupazio portzentajea %5ean hobetuz.

Mendi Tour

Mendi Tourra mendia, abentura eta natura gaien inguruko zinema ziklo ibiltaria da. Urte osoko ibilbidea osatzen du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren azken edizioko pelikula onenekin, eta Mendiko artxiboetako film erakargarrienekin. Aurten, 88 zine-saioetara (53 herri/egoitza) 14.000 ikusle bildu dira urte osoan zehar, beraz jaialdi nagusian, Bilbon bizitu berri ditugun 10 egunetan, bertaratu direnei gehituta, 21.300dik gora pertsona dira Mendifilmeko aterkipean egon direnak 2023an, iaz baino 2.000 ikusle gehiago.

2024ko edizioari dagokionez, urtarrilean abiatuko da. Era horretan, beste behin ere, mendiko pelikula onenak ikusteko aukera eskainiko da hainbat tokitan. Modu ibiltarian mugituko da abendura arte. Orduan, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 17. Edizioa helduko da: 2024ko abenduaren 6tik 15era bitartean egingo da jaialdia datorren urtean.