Abenduaren 21a, San Tomas eguna. Urtero bezala, taloa eta sagardoa izan dira gaurko jai egunaren produktu nagusiak. Edizio berezia izan da aurtengoa; izan ere, astean zeharreko eguna izanik, eguerditik aurrera hasi da Areatza jendez betetzen.
Aurten ere ekintzak goiz goizetik hasi dira. 9:30etan egutegien eta baserriko produktuen otzararen zozketarako boletoen salmenta hasi da. Ondoren, 10ak inguruan Areatzako postuak irekitzen hasi dira, bertaratutakoek baserritarrek ekoitzitako produktuak eros zitzaten. Ordu berean, Bilbo Hiria Irratikoek zuzeneko saioa eskaini dute.
Eguerdi partean, 12etan zehazki, irekiera eman zaio gune gastronomikoari. 2023ko menua txerrikia eta indabak izan dira. Jarraian, San Nikolas elizaren parean jarritako eszenatokian urteroko bertso saioa eskaini dute honako bertsolari hauek: Oihana Bartra, Maite Sarasola, Aissa Intxausti eta Paule Loizaga.
Arratsaldean, Ke Tomas taldeak aparteko giroa sortu du. Musika ez ezik, dantzagiroa ere piztu dute, gerturatu diren askok euskal dantzak dantzatu zitzaten. Geroago, goizetik erosi ahal izan diren zozketarako boletoen irabazleak iragarri dituzte. Ondoren, 19:30etan, La Bolsa eraikinaren parean, Bilbo Kantari ekintzari eman zaio hasiera, Alde Zaharreko kale ezberdinetatik kantu zaharrak abestu dituztenak zenbait musikariekin batera. Azkenik, Nonbait erromeriak amaiera eman dio Bilboko Konpartsak antolatutako egitarauari.