LABek mobilizazioak iragarri ditu Telefonicaren Enplegu-Erregulazio Espedientea salatzeko

uriola.eus 2024ko urt. 2a, 13:19

Abenduaren 13an egindako mobilizazioaren irudia. Argazkia: LAB Sindikatua

Sindikatuak ordubeteko lanuztea iragarri du biharko, urtarrilaren 3rako, 11:00etatik 12:00etara, Telefonicaren Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako lantokietan.

Telekomunikazio enpresak Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurkeztu du duela gutxi. LABen arabera, erabaki horrek enplegua suntsitzea eragingo du. “Plantilla murrizteko plana aurrera eramateko langile boluntario nahikorik lortzen ez bada, langileak nahitaez kaleratzen hasiko dira adinaren arabera, zaharrenetatik hasita”.

Alde horretatik, III. Hitzarmenaren eta kaleratze kolektiboaren negoziazio-mahaian Telefonican bildutako sindikatuen (UGT eta CCOO) jarrera kritikatu dute, enpresaren azken eskaintza ontzat emateagatik. “Telefonica bezalako enpresa batean enplegua suntsitzea arbuiatzen dugu, azken hiru urteetan 11.782 milioi euroko irabaziak izan baititu” azaldu du sindikatuak.

Era horretan, Euskal Herriko Telefonicako plantillari bihar antolatuko duten ordubeteko lanuztean parte hartzeko deia egin diote, EEE horren aurkako jarrera adieraz diezaion. Horretaz gain, Bilbon mobilizazioa antolatuko dute 11:00etan, Tutulu kaleko 3. zenbakitik hasita.