Barik txartel guztiek %50eko deskontua mantenduko dute, Bizkaiko garraio publikoan

uriola.eus 2024ko urt. 3a, 18:33

Garraio publikoko deskontuen harira sortutako ika-mika eta gero, azkenean Barik txartel guztiek, baita anonimoek ere, mantenduko dute 2023an izandako % 50eko deskontua.

Atzo, Uriolan honako izenburua zuen albistea eskaini genuen: “Aldaketak Bilbobusen Barik txartelarekin egindako bidaien tarifetan”. Gaur, ordea, jakin dugu Bizkaiko Garraio Patzuergoak bihar ezohiko batzarra egingo duela, garraio publikoko tarifak berrikusteko. Hala, 2023an bezala, %50eko deskontua edozein Barik txartelari luzatzea espero da. Edozelan ere, aldaketa ez da otsaila erdira arte indarrean sartuko, eta 2025eko otsailera arte luzatuko litzateke.

Horretaz gain, Bilbon eta Bizkaian ez ezik, Gipuzkoan ere luzatu egingo da deskontua. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak hala egingo duela iragarri du jada. 

Egoerak denbora gutxian izan duen bilakaera eta aldaketa ulertzeko, kontuan hartu beharra dago abenduaren 26an iragarri zutela 2023an indarrean izan den %50eko deskontuaren desagerpena. Alegia, %20koa izango zuten soilik txartel pertsonalizatua zuten erabiltzaileek. Dena den, argi utzi beharra dago deskontuak ez direla otsail bukaera arte iritsiko, tramite batzuk burutu behar dituztelako hori baino lehen.