Atzo hedabide honetan iragarri genuen moduan, gaur goizean mobilizazioa izan da Bilboko kaleetan, garraio publikoen tarifak garestitzearen aurka protestatzeko. Izan ere, Uriolan argitaratu ditugun albisteei erreparatuta, begibistakoa da horren harira azkenaldian sortu den zalaparta. Alegia, abenduaren amaieran jakin genuen 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera Barik txartelek (txartel pertsonalizatua zutenek %20koa mantenduko zuten) 2023an izan duten %50eko deskontua galduko zutela. Atzo, ordea, jakin genuen Barik txartel guztiek otsaila erdialdetik urtebetez %50eko deskontua mantenduko dutela.
Gauzak horrela, gaur eragile sozial, ekologista eta sindikal ugarik elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean. Bertan, urte hasiera honetan garraio publikoak bizi duen garestitzea kritikatu eta deskontu horiek 2025etik aurrera ere luzatzea aldarrikatu dute.
“Gaur bildu gara Foru Aldundiaren aurrean, alde batetik, ospatzeko atzera egin duela Bizkaiko Garraio Patzuergoak, herritarron presio eta mobilizazioaren eraginez, garraio publikoaren garestitze horrekin eta, bestetik, salatzeko laguntza horiek ez direla otsaileko erdialdera arte martxan ipiniko” adierazi du Hodei Rodriguezek, Sukar Horia eragileko kideak, antolatzaile ezberdinen izenean.
Bestalde, antolatzaileek Aldundiari “bere garraio politikan 180 graduko aldaketa bat” eskatu diote, “garraio publiko duin eta merkearen aldeko apostua” eginda.
Bilbobuseko langileekiko elkartasuna
Beste zenbait jardunaldietan bezala, gaurkoan ere Bilbobuseko langileek lanaldi partziala egin dute. Horretaz gain, mobilizazioa egin dute eta aipatutako elkarretaratzearen ondotik pasa dira, euren elkartasuna adierazteko asmoz. Era berean, Rodriguezek ez du aipatu gabe utzi nahi izan, langile horien borrokarekiko elkartasuna eta garraio publikoetako zerbitzuetan diharduten langileek izan behar dituzten baldintza duinak.
Garraio politika aldaketei atentzioz begiratuta
Bukatzeko, bertaratutakoek argi utzi nahi izan dute mobilizazioekin jarraituko dutela auzi honen inguruan garestitzearen aldeko aldaketarik somatu ezkero.