Bilbobusen gatazkak aurrera darrai: 27 greba deialdi egin dituzte maiatzera arte

uriola.eus 2024ko urt. 9a, 11:00

22 lanuzte partzial eta 24 orduko 5 greba jardunaldi egingo dituzte, Biobide enpresarekin akordiorik lortu ezinak bultzatuta.

Urriaz geroztik ari dira mobilizatzen Bilbobuseko langileak; San Tomasen koroatu zuten  lanuzte-partzialen segida 24 orduko greba jardunaldiarekin, baina ez zuten zerbitzuaren kontzesioa duen Biobide enpresaren erantzurik lortu. Enpresaren lan akordioak langileen eros-ahalmena bere horretan utzi du duela bi urtetatik, kontsumorako prezioen indizeak izugarrizko gorakada izan duen arren. Horrez gain, Bilbobuseko enpresa-batzordeak gehitu du abenduko hilekoan 2023an aldi baterako ezintasun-egoeran egon diren pertsona guztiei diru-kopuruak deskontatu dizkiela Bibidek, “alde bakarretik, justifikazio gabe, eta, gure ustez, legez kanpo”

Biobide enpresan partehartzea duen Alsari “liskarrei aurre egin diezaien” eskatu dio enpresa-batzordeak, azken bileran onartu zuten hitzarmena errespetatu eta Biobidek ezarri dituen murrizketa eta ez-betetze guztiak berehala indarrik gabe utzi ditzan.

Biobidek bere horretan jarraitzen duen bitartean aurrera jarraituko dute Bilbobusen langileen mobilizazioek; hilak 18, 22 eta 31an lanuzte partzialak izango dira, 24 orduko greba otsailak 5ean eta partzialak otsailak 8, 13,20,27 eta 29an. Martsoan partziala 5,11 eta 18an, 24 ordukoa 29an, eta maiatzean partziala 2, 7 14, 20 eta 22an eta 24 orduko lanuztea 29an.