Beste urte batez jarri du abian Bidebarrieta kulturguneak “Eztabaidak literaturarekin XXI. mendean” zikloa. “Irakurtzeari utzi diogu?” hitzaldiarekin hasiko da aurten ekitaldia, Miren Billelabeitia eta Patxi Zubizarreta izango dira hizlari eta Juanra Madariaga idazle eta alpinista moderatzaile lanetan.
Egun Euskadin eman diren irakurketa indizeen inguruan egingo dute solas, azken urteetan goranzkoa izan baita joera, eta irakurleek liburu, komiki, eleberri eta abarri buruzko interesa ere izango dute hizpide.
Hizlariak
Emanaldian parte hartuko duten hizlariak Miren Billelabeitia eta Patxi Zubizarreta izango dira; biak euskal filologian lizentziatuak, haur zein gazte literaturarekin harremana dute modu batean edo bestean: Billelabeitiak gazteen artean literatura sustatzeko hainbat lan eta hausnarketa burutu ditu, eta Euskal literaturaren historia (2003), Lauaxeta. Ohiartxunak (2008) eta Aitita-amamen guda zibila (Erein 2019) liburuak argitaratu ditu besteak beste. Zubizarreta aldiz haur eta gazte literaturako idazle ezaguna da, bere lanean kultur aniztasuna, migrazioa eta familia bezalako gai sozialak jorratzen dituena, bereziki aipagarriak eta hainbat sari jasotakoak haren lehen argitalpena, Ametsetako mutila (1991), Gizon izandako mutila (2000) eta ¡Corre, Kurru, corre! (2018).
Presentzialki zein online ikusgai
Hitzordua Bidebarrieta Liburutegiko Areto Nagusian izango da hilak 16, asteartean, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da eta bertaratu ezin direnek online bidez eskuragarri izango dute Bidebarrieta Kulturgunearen Youtubeko atarian.