Urtarrilaren 23an emango zaie hasiera 2024ko “Oraina Kontakizun” jardunaldiei

uriola.eus 2024ko urt. 10a, 12:04

Argazkia: BIRA Kulturgunea

Joan den urtean lehen edizioa antolatu eta gero, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. Aurtengo jardunaldiek Erresistentzia kontzeptua izango dute abiapuntu.

Hurrengo urtarrilaren 23tik martxoaren 5era bitarte “Oraina Kontakizun” jardunaldien bigarren edizioa ospatuko da. 2023ko edizioan bezala, lau saiok osatuko dute aurtengoa, bi Kafe Antzokian eta bi Bira Kulturgunean. 2024koak Erresistentzia kontzeptuan oinarrituko dira. Izan ere, kontzeptu horrek bi adiera ditu: alde batetik, oztopoa edota traba adierazteko eduki negatiboa duena eta, bestetik, iraun edota aurrera jarraitzeko eduki positibokoa. 

Lau saioetan euskal sortzaileak binaka parte hartuko dute eta, ondoren, aurkezle-eragile baten galderei erantzungo diete. Horietako bakoitzean, sortzaileetako bakoitzak bere esperientziatik abiatuta erresistentzia hitzaren inguruan hausnartuko dute. Jarraian, moderatzailearen eskutik, publikoarekin solasteko aukera izango dute. Saioak 90 pertsonakoak izango dira eta saioez gozatu ahal izateko izena eman beharko dute orainakontakizun@gmail.com helbidera idatzita. Lau saioetarako matrikularen prezioa 25 €-koa da (20 € langabeak eta ikasleak). Sarrera eta aurreko jardunaldien liburuxka 30 €.

Honakoa da 2024ko “Oraina Kontakizun” jardunaldien egitaraua:

- Urtarrilak 23an, 19:30etan, BIRA Kulturgunean Joxe Mari Agirretxe eta Yolanda Arrieta. Moderatzailea Galder Perez izango da.
- Otsailaren 6an, 19:30etan, Kafe Antzokian Anjel Lertxundi eta Danele Sarriugarte. Ana Galarragak egingo ditu moderatzaile lana.
- Otsailaren 20an, 19:30etan, BIRA Kulturgunean Anari eta Iñigo Astiz. Julen Azpitarte izango da moderatzailea.
- Martxoaren 5ean, 19:30etan, Kafe Antzokian Iñi Etxezarreta eta Aner Peritz. Moderatzailea June Fernandez izango da.