Umorearen mugak

Goiatz Iza 2024ko urt. 10a, 12:58

Argazkia: Denis Agati

Beldurra ematen dit. Beldurra ematen dit gaur egun ikustaldiak lortzeko jendeak egiten duenak. Beldurra ematen dit gizartea zer punturaino iritsi den arreta pixkat bat lortzeagatik.

Duela pare bat hilabete oihartzun handia izan zuten orain gogoan ez dudan (eta gogoratzera saiatu ere egingo ez naizen) umoregile batek telebista saio batean esandako deklarazioek. Gaur egun jada ezin dela ezerri buruz umorea egin zioen hark, dena pintzekin hartzen zuela jendeak. Deklarazio horrek uste baino babes handiagoa izan zuen. Bada, noski, umoregile gaixoek, jada ezin dute euren kontrako arraza, erlijio edo sexu orientazioa dutenen inguruko txantxak egin. Eta ondorioz, zeri buruz egin behar da orain umorea?

Sare sozialetan zeresan handia eman zuen pasarte hau etorri zait burura berriro ere Pablo Motosek Sofia Vergarari egin dion elkarrizketa bat ikustean. Esan beharra daukat ez dudala inoiz ikusten programa hori, ez naiz inoiz oso jarraitzailea izan elkarrizketatua lotsarazten duten programez egia esan. Baina Vergarari egin zionak merezi zuen ikustaldi bat.

Betiko legez, Motosek egiten zizkion galderek ez zuten zerikusirik bere ibilbidearekin, bere itxura fisikoaren baizik. Hori gutxi balitz, bere hitz egiteko moduarekin ere ausartu zen elkarrizketatzailea. Modern Familyko aktorea baina, nazkaturik, orain arte gutxik egin zutena egin zuen: erantzun eta ebidentzian utzi programa.

Ez dut inoiz ulertu programaren helburua. Galderak egitetik haratago, audientzian jartzen du fokua. Ikusi da hori lortzeko edozer egiten dutela, elkarrizketatua lotsarazi behar badute ere. Baina haiek horri umorea deituko diote noski, umorezko galderak direla esango dute eta gaur egun ezin dela ezeri buruz txantxak egin justifikatuko dute, henegarrenez.

Bada, orain arte ulertu nahi ez bazuten, espero dut elkarrizketa honek sortutako oihartzunaren bitartez konturatu izana umorean ere muga batzuk daudela eta haiena ez dela umorea (eta gutxiago kazetaritza). Ez da umorea bietatik batek bakarrik egiten badu barre.