Lutxo Egia eta Jasone Akizu izango dira aurtengo Farolin eta Zaranbolas

uriola.eus 2024ko urt. 11a, 12:17

Bilboko Jai Batzorde Mistoak atzo arratsaldean iragarri zuen 2024ko Bilboko aratusteetan protagonista izango direnen izenak.

Aurten 45 urte beteko dira Bilbok konpartsen eskutik Aratusteak berreskuratu zituela, eta 40 urte, ordea, honako pertsonaia botxero hauek sortu zirela: Farolin eta Zaranbolas. Bada, aurtengorako Lutxo Egia idazlea (Farolin) eta Jasone Akizu txistularia (Zaranbolas) hautatu ditu Bilboko Jai Batzorde Mistoak.

Urtero bezala, aratusteak Kopla Txikien Lehiaketarekin hasiko dira, otsailaren 3an Kafe Antzokian antolatuko direnak. Farolin eta Zaranbolasekin zerikusia duten ekitaldiak berriz, otsailaren 9an, ostiralean, hasiko dira aurten, bien epaiketarekin, hain zuen. Ekitaldia 19:30etan hasiko da, Plaza Berriko karpan. Horren ostean, 20:30etatik aurrera, bi pertsonaien eskarnio publikoa egingo da.

Bi pertsonajei buruz, honakoak dira ezaugarri nagusiak. Farolin bilbotarra da, Bilbon bertan jaioa izan ez arren, bere jardun profesional edo publikoagatik harrotzen dena, eta gainera beti haizez beterik dabilena mundu guztiari esaten bera “Botxokoa” dela. “Semper Plus Ultra” (Beti harago) izan liteke bere lelo nagusia. Zaranbolas, ordea, Bilboko pertsona bat da, ezerk ozpindu edo bizitza aldaraziko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duena, “Carpe Diem” / “Gozatu ahal duzun bitartean” da bere bizimodua ondoen adierazten duen goiburua.

Farolin eta Zaranbolas berriak

Lutxo Egia del Rio, Santanderren 1969an sortutako bilbotarra dugu, soziologoa ikasketaz, idazlea eta performerra ofizioz. Nagusiki, Zazpikaleetako BIRA espazioko kultura koordinazioan aritzen da baina nobelak, ipuinak eta antzezlanak idatzi eta argitaratu izan ditu. Gaur egun, bi antzezlan ditu martxan: “Identitarteak” (Galder Perez eta Ane Zabala antzezten ari direna) eta “Hamalau” (Mikel Martinezen eskutik).

Lutxo Egia Farolin 2024

Jasone Akizu Perez, Zaranbolas, Ondarroan jaio zen 1967an. Txistularia da eta txistu irakasle moduan dihardu BilbaoMusika Eskolan. Azken urteotan Euskal Herriko txistularien Elkarteko lantaldeko kide izan da, lehenik Bizkaiko ordezkari gisa eta gaur egun elkarteko idazkari moduan. 

Jasone Akizu zaranbolas 2024