2024ko Bilboko aratusteak otsailaren 8tik 13ra ospatuko dira. Hala, urtero bezala, bezperako azken aste hauetan jai boladarako prestaketa guztiak eramaten ari dira aurrera. Gaurkoan aurtengo edizioko irudia izateko finalistak aurkeztu dira: “Un carnaval de portada”, “Carnavaleando sobre la Ría de Bilbao”, “Sardina Roja”, “Sardinilla y Carola”, Supercarnavales” eta “Etorri Bilbora”.
Botoak emateko epea urtarrilaren 15etik 21era egongo da irekita. Parte hartu ahal izateko bi modu izango dira: Abandoko udaltegira joanda (Barrainkua, 5), eta online, Udalaren web orriaren bidez.
Honakoak izan dira epaimahaia osatu duten kideak: Itziar Urtasun, Jaietako Batzorde Mistoko presidente eta Jaietako zinegotzi eta Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia; Asier Abaunza eta Eider Bilbao, zinegotziak; Idoia Ugalde, Bilboko Konpartsen ordezkaria; Alicia Fernández, Rekalde Aretoaren zuzendaria; Iraide Egia, diseinatzailea, Asier Sanz, ilustratzaile eta umorista grafikoa; eta, azkenik, Borja Elorza, Bilbao Historiko merkatarien elkarteko ordezkaria.
Kartel irabazlea hiru bozketak kontuan hartuta erabakiko da (epaimahaiarena, online eta presentziala). Obra irabazlearen egileak 2.000 euroko saria jasoko du, eta urtarrilaren 24an aurkeztuko da obra prentsaurreko batean, Bilboko Udaletxean.