Bilbaobizi zerbitzuaren ordutegia luzatuko dute urtarrilaren 15etik aurrera

uriola.eus 2024ko urt. 12a, 12:43

Argazkia: Bilboko Udala

Udalak adierazi duenez, urrian martxan jarri zen BizkaiBizi zerbitzuaren ordutegira egokituko da Bilboko bizikleta maileguaren zerbitzua, hurrengo astelehenetik aurrera.

Datorren astelehenetik aurrera, urtarrilaren 15a, Bilbaobizik, Bilboko bizikletak mailegatzeko udal-zerbitzuak, ordutegia luzatuko duela iragarri du Bilboko Udalak. Alde horretatik, gogoratu beharra dago gaur egun, 6:00etatik 22:30era har daitezkeela bizikletak maileguan, eta 23:00etara arte itzuli. Bada, aldaketa indarrean sartzen denean, honakoa izango da ordutegi berria: 5:00etatik 00:00etara bizikletak maileguan hartzeko, eta 00:30era bizikletak itzultzeko.

Udalaren arabera, BizkaiBizi zerbitzuaren ordutegiarekin bat egitea izan da aldaketaren arrazoietako bat.; izan ere, Bilboko Udala, beste 9 udalerrirekin batera, urrian martxan jarri zen sare horren parte da. 

Bizikleta elektrikoen BilbaoBizi zerbitzua 2018ko azaroan abiarazi zen. Harrezkero, 7.798.244 erabilera erregistratu dira, eta, 2023an, 2 milioi maileguko zifra errekorra hautsi da, hau da, egunean batez beste 5.636 erabilera. Gaur egun, 22.880 pertsona daude erregistratuta zerbitzuan. Haietatik % 12,9 23 urtetik beherakoak dira, eta % 5,7 65 urtetik gorakoak.

Blas de Oteroko eta Intermodaleko mailegu-guneak dira erabilienak hirian: guneok 4.600 eta 3.600 erabilera (bizikletak hartzea eta itzultzea) baino gehiago dituzte astean, hurrenez hurren. Bestalde, beheranzko joerari eusten diote bandalizazio-indizeek: 2023an, egunean 10,9 bizikleta bandalizatu ziren, hau da, 2022an baino % 70 gutxiago (urteko batez bestekoa 37 bizikletakoa izan zen).