Gaur antolatu da azken urteetan Sare Herritarrak urtero Bilbon antolatzen duen mobilizazioa, euskal presoen etxeratzea eta salbuespen politikaren amaiera aldarrikatzeko. Aurtengoan, mobilizazioaren hasiera orduarekin gora beherak izan diren arren, jende andana ikusi ahal izan da gaur mobilizazioaren ibilbide guztian zehar. Izan ere, joan den abenduaren 22an hasiera ordubete aurreratzea erabaki zuten antolatzaileek, Athleticen eta Realaren arteko partiduarekin bat egin ez zezan.
Eragile anitzen presentzia
Manifestazioa hasi aurretik, zenbait eragile sindikal eta politikoetako ordezkariek adierazpenak eskaini dituzte. Besteak beste, Mikel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak argi utzi du mendeku politikak ez litezkeela behar, eta giza eskubideen errespetua funtsezkoa dela. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak esan duenez, aldiz, “dispertsio eta urruntzearekin amaitzeko izan den moduan, mobilizazio soziala espetxeetako ateak irekitzeko giltza ere bada”, euskal presoak etxeratzeko oztopoak kentzeko aldarria egin du bere hitzaldian.
EH bilduko Julen Arzuagak, bere aldetik, adierazi du "Gaur Bilboko kaleetan ikusiko da gure gizartean gehiengo sozial batek herri honek zentzu guztietan aurrera egitea nahi duela, eta horretarako, euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea ezinbesteko urratsa da”. Teresa Jordá ERC alderdiko Diputatuen Kongresuko bozeramaileak eta Josep Rius, Juntseko presidente ordeak ere babestu dute ekimena; Jordák esan duenez, Katalunia beti egongo da Euskal Herriarekin batera, "irrika demokratiko eta nazionalak partekatzen dituztelako, bakearen eta elkarrizketaren bidez".
“Konponbiderako giltzak”
Sare Herritarra plataformak deitutako manifestazioa La Casilla plazatik abiatu da, 16:15etan. Batik bat, euskal presoei ezarritako salbuespen politika bertan behera uztea eta legedi arrunta aplikatzea izan da mobilizazioaren aldarri nagusia, salbuespen politikak alde batera utzi eta bizikidetza eta bakean oinarrituko den aro berri bide egiteko.
“Konponbiderako giltzak” leloa zeraman manifestazioaren buru izan den pankartak; aurretik, “Etxera” zioen ohiala eta dultzaineroak soilik; atzetik, berriz, giltzak nonahi, garai berri bat irekitzearen alde. Manifestazioak Autonomia kaletik jarraitu du ibilbidea, mobilizazioak aurrera egin ahala kale-ertzak jendez beteta. Bada, ia urteroko mobilizazio honetan ohikoa den bezala, Plaza Zabalburura iritsi eta gero, Hurtado de Amézaga kaletik jarraitu dute bertaratutakoek. Handik, zuzen jarraitu dute, Udaletxeko zubia zeharkatuta, eraikinaren atarian ekitaldiari amaiera emateko xedez.
Azkenik, Anaiz Funosas Bake Bidea eragileko kideak eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak hartu dute hitza. Presoen etxeratzearen beharra eta salbuespen neurriei amaiera jartzeko garrantzia azpimarratzeaz gain, norbanakoei euren giltzak astintzeko eskatu diete, demokrazioaren ateak irekiko dutenak eta sufrimenduarenak itxiko dituztenak.