“A tope!” XX. mendeko Bilboko gazteriaren delinkuentzia eta ganberrismoaren kronika

uriola.eus 2024ko urt. 15a, 11:12

Argazkia: Alvaro Heras-Gröh

Alvaro Heras-Gröh idazle eta musikariak 1955 eta 1990 arteko Bilboko eta inguruko giro marginaletako istorioak bildu ditu argitarapen berrian.

Bilboko eta Getxoko musika eszenak eta Euskal Herriko opiazeoen erabilera dokumentatu ostean, Alvaro Heras-Gröh (Bilbo, 1972) idazleak “¡A tope! Cuadrillas, gamberrismo y delincuencia juvenil en el Gran Bilbao” liburua plazaratu du. Ia mende erdian Bilbo eta inguruko herri zein auzoetan gertatutako jazoerak eta istorioak biltzen ditu lan honek, garaiko prentsatik zein bertan izan zirenen eskutik jasoak.

Idazlearen hitzetan, liburuaren xedea ez da sakonki aztertutako iraganaren irudi zehatz eta sakon bat aurkeztea, testuinguru marginal hontara urbiltzea baizik, modu informalean eta aurreiritzirik gabe. Gertakizun hauen epaiketa moraletatik aldendu eta garaiko albiste eta jazoera bitxiak ditu muinean liburuak “garaiko drama soziala eta pertsonen egoera latza” kontuan hartuta.

Bilboren historia marginala

50. hamarkadako amaieran hasten da kontakizuna, ahoz eta prentsa bidez iritsi zaizkigun kontakizunekin. Gerraostean Bilboko perifieriak izan zuen migrazioaren gorakadak, auzo hauetako gazteen alienazioa ekarri zuen. San Inazio, Uretamendi, La Peña, Masustegi eta abarretan txabola auzoak hasi ziren sortzen, Bilbo erdialdeko auzoekiko desberdintasun sozial eta ekonomiko itzela zutenak. 60. hamarkadan zehar periferiako auzoko gazte taldeak, hauzotar harrotasunaz lepo eta elkarren arteko ezin-ikusiak zirela eta, etengabeko gatazken protagonista bilakatu ziren; banakako askok amaitu zuten adingabeen zentroetan jipoi edo bestelako erasoen eraginez.

Kaleetako etsaitasun-giroa are gordinagoa bilakatu zen 70. hamarkadan, indarkeriak eta gatazkek gora egin zuten auzo baztertuetan, bizirauteko delitu egitera jo zuten “banda” gero eta ugariago zeuden eta asko nabarmendu ziren jipoiak, askotan armaz, eta ibilgailuen lapurretak bikoiztu egin ziren, 15000 kasutik 30000ra.

Hurrengo hamarkadan gainezka egin zuen egoerak; banku lapurretak, tiroketak, bortxaketak zein labankadak… Zenbait aldiritan auzokideak zaintza-elkarteak sortu zituzten, merkatariek bultzatuta, egoerari aurre egiteko. Langabezia eta heroina izan ziren egoera hau hauspotu zutenak, eta azken hau, baita ere, garaiko “kinki” askoren gainbera ekarri zuena. Erreabilitazio planek, eraikuntzan lan-eskaintzak, eta gaztetxe zein beste ekimen politiko eta kultural alternatiboen sorrerak ekarri zuen gazteen arteko delituen beherakada, 90. hamarkadaren bueltan.

Baztertuen ahotsa

Alvaro Heras-Gröh idazle eta musikariak (Bonzos, Painkillers) luzaroan aztertu izan du Bilbo zein inguruko rockaren eta mugimendu kontrakulturalaren giroak, baita txanponaren alde lazgarria ere. Liburu honetan ere, idatziz iritsi zaigunaz gain, garai haiek bizi izan zituztenen ahotsak berreskuratu ditu, bildu ezean historian galduko liratekeenak.