"Bidez bide hausnarrean” izeneko liburua aurkeztuko duzu hurrengo urtarrilaren 18an BIRA Kulturgunean. Filosofiako beste 10 liburu eta literaturazko beste 2 atera dituzula kontuan izanda, zer espero dezake irakurleak kasu honetan?
Liburu hau, nolabait esanda, sare batean kokatuko nuke. Pertsonalki, nik duela 20 urte inguru nolabaiteko biraketa bat egin nuen filosofiaren munduan; artikulu akademikoetatik didaktikoagoak diren liburuak argitaratzera igaro nintzen. Era horretan, gaien aldetik ikuspuntu zabalago izan nuen eta liburu batzuk argitaratzen hasi nintzen. Alde horretatik, duela 3 urte “Gogoeta bide irekiak” argitaratu nuenean, nire ustez gizartean kezka sortzen duten zenbait auzi landu nituen. Hala, esango nuke “Bidez bide hausnarrean” liburua aipatu berri dudan beste horrekin solasean dagoela. Alegia, gaur egun pil-pilean dauden zenbait gairen inguruko hausnarketa filosofikoa litzateke, baldin eta kontzeptu horiek sarbide filosofikoa onartzen badute. Besteak beste: arte eta etikaren arteko harremana (zer egin behar dugu arte inmoralarekin/zer nolako irizpide moralak erabili behar ditugun horiek aztertzeko garaian), negazionismoa, fikzioa eta ez fikzioaren arteko harremana…. Gaurkotasun handiko gaiak dira guztiak, baina, aldi berean, filosofiaren auzi klasikoak dira. Iruditzen zait gai hauek lantzen direla aldizkari espezifikoetan, eta horietara iristen direnak soilik akademian bizi diren pertsonak dira, nahiz eta auziek gizartean oina izan. Beraz, horri erantzun nahi izan diot.
Azken lau urteetan ateratzen duzun hirugarren liburua da. Horretaz gain, filosofiako irakaslea ere bazara EHUn. Zaila egiten zaizu idazle eta irakasle lanak aldi berean aurrera eramatea?
Ez, egia esan. Aipatu dudan biraketa horren ostean, oso bateragarria egiten klaseekin eta nire jarduera akademikoarekin. Izan ere, neurri batean, nik sortu ditudan lan horietako asko klaseetatik sortu dira, ikasleekiko harreman horretatik. Eta gero klasera itzuli egiten dira, nolabait. Beraz, normala denez lan egiteko era horrek berritasun handia suposatu du niretzat, aldaketa polita izan dena eta asebete nauena.
Zure formazioari erreparatuta, Filosofia eta Informatika ikasketak dituzu. Batuketa bitxia, edo ez ohikoa, gutxienez. Zerk eraman zintuen horietako bakoitza ikastera?
Nik hasieran Filosofia ikasketak egin nituen. Geroago doktorego tesiarekin hasi nintzen. Adimen Artifizialaren inguruan; izan ere, horren inguruan zenbait auzi filosofiko interesgarri pizten dira. Gaur egun pil-pilean dugun gaia dugun arren, egin nuenean auziaren lehen olatua gertatzen ari zen. Gauzak horrela, tesiarekin hasi nintzenean, ohartu nintzen oinarri teknikoa falta zitzaidala. Horregatik, informatika ikasten hasi nintzen hutsune hori bete nahian. Pixkanaka pixkanaka ikasketak burutu nituen.
Filosofiak beti balioen mundua aztertu duela iruditzen zait, eta gaur egun balio horiek gutxietsi egiten dira
Beste elkarrizketa batean aipatu duzu filosofia mundu akademikotik gizartera edo jendarte zabalera hurbiltzeko ahalegina egiten duzula. Zergatik esango zenuke dela garrantzitsua filosofia XXI. mendeko gizartean?
Esango nuke Filosofia oso disziplina transbertsala dela. Zeharkatzailea, nolabait esanda, eta elkarrizketan dagoena beste zenbait arlorekin. Susmoa daukat gizarte honetan izugarrizko zaparrada jasotzen dugula, bai disziplina zientifikoetatik, bai artistikoetatik zein sare erraldoiaren bidetik. Iritziak, iritziak eta iritziak iristen zaizkigu. Ezagutzari dagokionez, uste dut Filosofiak hor lan handi bat duela egiteko, beste disziplina horiek guztiekin solastu behar du. Ordena jartzeko helburua izan behar du. Solasaldi kritiko bat egitekoa, alegia. Bestalde, Filosofiak beti balioen mundua aztertu duela iruditzen zait (balio etikoak, politikoak eta abar), eta gaur egun balio horiek gutxietsi egiten direla; egiaren kontzeptua, esaterako. Hain zuzen ere, horregatik hitz egiten dugu egia-osteari buruz. Horregatik, Filosofiak ekarpen bat egin behar du bertan; justizia edo egia bezalako kontzeptuak gutxiesten direnean, Filosofiaren ahotsa entzun behar da. Balioak oso inportanteak dira etorkizun on bat irudikatzeko, denon hobe beharrez. Uste dut balioak giltzarri direla eta Filosofiak beti arakatu izan du horien artean.
Filosofiaren ekarpena gabe umore inmoralaren auzia erren gelditzen da nire iritziz
Aipatu duzu oraingoa, 2019an atera zenuen “Gogoeta bide irekiak” liburuan bezalaxe, gizartean sona handia duten kontzeptuan ikuspuntu filosofiko batetik lantzen dituzula. Zeintzuk dira auzi horiek? Eta zergatik da garrantzitsua ikuspuntu berri horretatik lantzea?
Adibide bat jar dezakegu mahai gainean: umorearen auzia. Gizartean bolo-bolo dagoen gaia da, epaiketak ere izan dira zenbaitetan txiste edo emanaldi batzuen inguruan eta hor politikariek, soziologoek, epaileek eta abokatuek hitz egiten dute; baina zein da hor borborka dagoen auzia? Gehienetan umore ustez “inmoralarekin” zer egin izaten da galdera, umore homofobo, arrazista edo matxistarekin, demagun. Balioen inguruko auzia da, ustez kaltegarriak diren balioak txertatzen dira umorean eta aipatutako ahots hoietatik harago, uste dut filosofoek ere badutela zeresana auzi honetan, filosofoek arakatu dutelako balioetan, balio onen eta txarren artean bereizketa egiten saiatu dira, morala eta inmorala zer den definitzen… Kasu honetan auzi zehatz bat daukagu eskuartean, non filosofoak bere iritzia eman dezakeen, inplikatutako beste hoiekin batera. Filosofiaren ekarpena gabe umore inmoralaren auzia erren gelditzen da nire iritziz.
Liburu berari dagokionez, kapituluak modu indepentean irakurri daitezkeela aipatu duzu, baina haien artean loturak daudela. Zer esan nahi du horrek?
Egia da liburuko atal bakoitzean motibazio bat egon dela, baina uste dut liburua bere osotasunean hartuta, filosofia ulertzeko modu baten isla dela; Nahiz eta haien artean independenteak izan, sare baten gisara irudikatu behar ditugula liburuan planteatzen diren tesiak eta egiten diren teoriak. Nire ustez badu batasuna, liburuko atal guztiek ideia berberen aldarrikapena egiten dute, eta testuinguru desberdinetan azaltzen dira balio horiek; lehenengo atalean gai asko jorratzen ditut baina badira zubi argiak lehenengo eta bigarren atalen artean. Bigarrenean pentsamendu feminista jorratzen dut, filosofiarako sarreraren ikuspuntutik; gaia espezifikoa da, baina berriz azaltzen dira lehenengo atalean aurkeztutako gaietako asko. Hirugarren atalean, berriz, zenbait omenaldi egiten ditut, badu berezko izaera bat atalak, baina aurreko ataletako gaiak azaltzen dira baita ere.
Nik filosofia ikasi nuen eta ia-ia ez nuen emakumeen izenik entzun (...), larriena da ez nintzela hortaz jabetzen, hori oso arazo sakona iruditzen zait
Liburua hiru zatitan banatu duzu. Lehena aipatu ditugun auzi famatuak dira. Bigarrenak honako izenburua du: “Pentsamendu feminista filosofiarako sarrera batean”. Historikoki emakumeak bazterrean utzi izana diozu bertan, filosofian ere hala izan dela uste duzu?
Bi, agian indar handiagoz. Nik filosofia ikasi nuen eta ia-ia ez nuen emakumeen izenik entzun, baina larriena ez da hori gertatu izana, hori larria da jakina, larriena da ez nintzela hortaz jabetzen, hori oso arazo sakona iruditzen zait. Irakasle hasi nintzenean berdin jarraitu nuen, momentu batean olatuak harrapatu ninduen arte, gizartearen, lankideen eta gehienbat ikasleengandik. Kolpe bat jaso eta gertu-gertu dagoen injustizia batez konturatu ez nintzela jakin nuen, filosofian behin eta berriz injustiziaz aritzen garenean; itsuak izan gara fenomeno honen aurrean. Orduan hasi nintzen pentsamendu feminista arakatzen, batez ere filosofiaren ikuspuntutik, eta nik ematen ditudan filosofia eta antropologiako graduen sarreran egoeraz baliatzen naiz, gaian sakondu eta nire egitarauan eduki berriak sartzeko. Prozesu horretan gaude, nago, eta liburuaren bigarren zatia prozesu horren isla da.
Gaur egun egun aldatu al da egoera?
Argi eta garbi. Prozesu bat da, aurrerapausuak eman dira, aipatu dudan olatuak blaitu gintuen, eta orain bide eta ertz askotik osaketa lan handia egiten ari gara. Egoera ez da perfektua baina bidea egiten ari gara.
Azken zatian zugan eragina izan duten autoreei omenaldia egiten diezu. Zertan eragin dizu horietako bakoitzak?
Lehenik eta behin esango nuke zerrenda luzeagoa zela hasieran, baina liburuak bere zama hartu zuen eta hiru hauek aukeratu nituen; arrazoi desberdinegatik baina hemen ere zubiak daude. Susan Haack esate baterako, nire ikasketetan landu nuen emakume bakarra izan zen, ondo landuta gainera; eta harengandik ikasi nuen balio batzuen gaineko errespetua zein garrantzistua den: egia, objetibotasuna, inpartzialtasuna,… Halako balioei buruzko gogoeta asko ditu Haackek, eta nire pertzepzioa da egungo gizartean balio hoiek gutxietsi egiten direla. Nire ikasketetan Susan Haack-en mezu hori nire baitan giltzatu zen, eta gerora konturatu naiz nire ibilbide osoan oso presente eduki dudala.
David Humeren kasuan, aipatu dut balio etiko, politikoen auzia oso garrantzitsua dela filosofian, justiziaren inguruan, esateko, ikuspuntu oso desberdinak daude. Nik David Humerena dut gustuko, eta atal horretan zergaitik gustuko dudan azaltzen saiatu naiz. Bertrand Russell-en kasuan bere filosofia egiteko estiloa gustuko dut; estilo sistematikoa, zorrotza, beti kontzeptuak argitu nahian, argudio argiak aurkeztuz; nahiz eta agian askotan berarekin ados ez egon, uste dut bere estiloan eragina izan duela.
Filosofiarik gabeko hezkuntza-sistema, hezkuntza-sistema itsua litzateke, bere buruaz pentsatzen ez duena, eta hori arriskutsua da.
Bukatzeko, azken urteetan filosofiak hezkuntza sisteman izan dituen tira-birak kontuan hartuta, zein da egun filosofiaren zentzua?
Ez nator bat sistemarekin. Hezkuntza sisteman filosofia gutxiesten da eta nik benetan uste dut filosofiaren zeregina oso garrantzitsua dela aipatu ditudan arrazoiengatik: lehenik eta behin, ikasleek disziplina askotan formakuntza itzela jasotzen dute; matematika, fisika, biologia, historia… Baina hor gizakia josten duten balioei buruzko gogoeta behar da, bestela itsu-itsuan gabiltza. Disziplina bakoitzak dauka bere izaera, disziplina bakoitzak jarraitzen du bere bidea, baina ikusmira orokorrago, trasbertslago bat bat behar dugu, eta hori, nire ustez, filosofiak bakarrik eskaini dezake. hortaz aparte, kontua ez da asko jakitea, oso ondo dago hori, baina gure buruari hori zertarako den galdetu behar diogu, ezagutza hori nora eraman nahi dugun, nolako gizartea nahi dugun. Galdera horiek egiten ditugunean balioen gaineko auziak planteatzen ari gara, eta hor filosofiak badu zer esana. Filosofiarik gabeko hezkuntza-sistema, hezkuntza-sistema itsua litzateke, bere buruaz pentsatzen ez duena, eta hori arriskutsua da.