Patronalaren hitzarmena berritzeko aurre-akordioa sinatu du LAB sindikatuak EHI eta EIB patronalekin. Hezkuntza Sailarekin ekainak 1ean sinaturiko akordioa jarri du berriz mahai gainean sindikatuak, non hezkuntzaren eremuko langile guztien ekiparazioa eta lan-baldintzen homologaziorako neurriak adostea jaso zuten, eta, azkenik, 2027an ikastolako langileen soldata langile publikoenarekin berdintzea adostu da. Hortaz gain 2024rako langile guztien soldatak %15,3ko igoera jasoko dute, urteroko igoerak gehituz, 2027rako %18-20 arteko soldata-igoera.
Jaiotze-tasaren jaitsieraren aurrean enplegua mantentzeko prozedura ere jasotzen du akordioak; datozen hilabeteetan adostuko dira euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleen arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko eta kudeaketa hobetzeko neurri berriak. Hortaz gain bi urterainoko haurren hezitzaileen soldata bi urteko hezitzaileenarekin parekatuko da, eta, Haur Hezkuntzan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan zein bestelako jarduera osagarri zein laguntza espezializatuan dabiltzan langileen lan-zamak arintzeko neurriak ere jaso ditu akordioak.
Gizarte Ekimenetako ikastetxeetan hutsuneak oraindik
Gizarte Ekimeneko mahaian ere akordio bila daudela azaldu du LABek prentsa oharrean, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei “esfortzu gehigarri bat” egiteko eskatuz, ekiparazioaz gain 2024rako eros-ahalmena bermatu eta lan-zamak murrizteko neurriak onar ditzaten. Ikastolen deman eskaerak burutzea lortu badute ere, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen “gatazka desblokeatu eta mahaira eduki gehiago ekartzeko” eskaera egin du ELAk, eta intersindikalean deituriko mobilizazio eta grebei eutsiko diela.