25 urtez Berri Txarrak taldearen buru jo eta su aritu ostean, Gorka Urbizuk “erantzi, hustu, kimatu” egin ditu kantuak eta haien aurkezpenak Hasiera Bat bakarkako lehen lan luzean. Lleidako Teatre de ca l’Erileko antzoki zahar batean ia ezkutuan grabatua, Jordi Matas ekoizlea eta zenbait musikari katelanekin inguratuta, hamar kantuz osatutako lana ezustean kaleratu zuen pasa den astean.
2019ko azaroaren 23an eman zuen azken emanaldia Berri Txarraken buru, eta ordutik jardun du bide berrien bila. Bazuen adierazia musikari lekunberritarrak bakarka jarraitzeko asmoa, “bakarka baina ez bakarrik”, eta hala egin du El Petit de Cal Eril taldearen soinuek eta kideek inspiratu eta lagunduta. Abestien aurkezpenaz gain, grabaketara ere eraman du soiltasuna; 8 pistako mahai analogiko batekin, freskotasuna eta berehalakotasuna mantendu nahian.
Hasiera Bat diskaren aurkezpen bira, Bira bat, otsailaren 23an hasiko da Donostian, eta birritan eskainiko ditu kontzertuak bilbon: Gaztea Sariak emanaldian lehena, otsailak 28an, eta Kafe Antzokian bigarrena, apirilak 27an. Sarrerak bihar egongo dira eskuragarri, 12:00etan