Bilboko Udalak jakinarazi du “Euskaraz barra-barra” kanpainan parte hartuko duela. Horren bitartez, euskara erabiltzeko aukera bermatzen duten establezimenduek ikur batez identifikatuak izango dira. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko udalerrietan aurrera eramaten ari den ekimen honek honako helburua du: “kontsumitzailea erdigunean jartzea eta bezero euskaldunei transmititzea establezimenduek gaitasun nahikoa bermatzen dutela haiek ulertzeko”.
Horretarako, Udala datozen egunetan hasiko da baldintzak betetzen dituzten merkataritza eta ostalaritza-establezimenduak identifikatzen, eta kanpainari lotutako identifikazio materiala banatuko du.
Proiektuan parte hartzen duten erakundeei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Nafarroako Euskararen Institutua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa dira aipatu beharrekoak. Horietaz gain, Euskadiko erakunde publiko eta pribatu ugarik, euskararen tokiko batzordeek eta hainbat boluntariok zein erakundek proiektuaren antolaketa osatzen dute.
Edozelan ere, aipatu beharra dago ez dela azken urteetan Udalak merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko sortu duen lehen proiektua, esate baterako: “Biribilko” edota “Euskararen txanda”.
“17. Gela” izeneko ihes-gela
Gauzak horrela, kanpainaren berri emateko ekitaldi berezia antolatu du Udalak. Hala, urtarrilaren 26, 27 eta 28an, Emakumeen azaroaren 25eko plazan, eta otsailaren 2, 3 eta 4an, Bizkaia plazan, nahi duenak "17. logela" izeneko ihes-gelan parte hartu ahal izango du. Esperientzia doakoa bada ere, ezinbestekoa da izena ematea, hemen: euskarazbarrabarra.eus/ihes-gela/#erreserba-egin.
Webgunearen arabera, honakoa da ihes-gelaren historiaren abiapuntua: “Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko”.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!