Bilboko etxegabeen gorakada eta pairatzen dituzten bizi-baldintzak salatzeko elkarretaratzea

uriola.eus 2024ko urt. 24a, 12:46

Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak

Ongi Etorri Errefuxiatuak eragileak “Kalean inor ez elikadurarik eta arroparik gabe” lemapean antolatuko du mobilizazioa bihar.

Azken zenbaketaren arabera, ia 500 pertsona daude gaur egun Bilbon kalean lo egiten. Hala salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiak. Bada, zifra horren gorakada eta horiek erakundeen aldetik pairatzen duten “duintasunik gabeko tratua” salatzeko elkarretaratzea antolatuko du bihar 11:00etan, Udaletxeko eskaileretan.

“Tourreko, Guggenheimeko eta turismoko Bilbok modernitatetzat jotzen duen bitartean, herritarrek aberastasuna gero eta okerrago banatuta dagoela ikusten dugu. Alokairuekin espekulatzen da, eta gero eta gehiago dira pertsona baztertuak” salatu du eragileak. Izan ere, zifra ofizialak aipatu dituzten arren, gogoratu nahi izan dute egiazko zifra handiagoa dela, baita gora egiten ari dela ere.

Alde horretatik, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuaren kasua aipatu dute, non janari eske heltzen jende askori ukatu egiten zaien eta “duintasunik gabeko tratua” jasotzen duten. Horretaz gain, zerbitzuaren funtzionamendu okerra salatu du: “Ez du ondo informatzeko, aterpetzeko eta jantokiko txartelak emateko zeregina betetzen”. Azkenik, aipatu beharra dago mobilizazioa nahita jarri da egun eta ordu horretan; hain zuzen ere, bihar Bilboko Udaleko Osoko Bilkura antolatuko baita.