Ezagutzera eman da Bilboko 2024ko Aratusteen irudia

uriola.eus 2024ko urt. 24a, 14:17
Argazkia: Bilboko Udala

Alberto Martínez Ortizen “Carnavaleando sobre la Ría de Bilbao” aukeratu da aurtengo aratusteetako irudi izateko.

2024ko Bilboko Aratusteak otsailaren 8tik 13ra ospatuko dira. Bada, gaur eman du jakitera Jai Batzorde Mistoak 2024ko edizioaren irudia: “Carnavaleando sobre la Ría de Bilbao”. Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaien Batzorde Mistoko presidente, Jaien zinegotzi, eta Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziaren ondokoak prentsaurrekoan aurkeztu du gaur goizean kartel irabazlea, edizio honetako kartelen lehiaketako epaimahaia osatu duten pertsonek lagunduta.
 
Aurtengo edizioko lehiaketara 182 lan aurkeztu dira. Duela pare bat aste Uriolan aipatzen genuen bezala, honako lan hauek izan dira beste bost finalistak: “Un Carnaval de portada”,  “Sardina Roja”, “Sardinilla y Carola”, “Supercarnavales” eta “Etorri Bilbora”. Aurkeztutako lanen berezitasunen artean, jatorri ezberdinetako proposamenak egon dira: % 50,55, Euskadiko lurraldeetatik zetozen, Bilbotik bertatik egindako proposamen ugarirekin (% 23,63); % 46,15 Estatutik, eta % 3,3 Frantziatik, Alemaniatik, Ekuadorretik eta Argentinatik.

Gauzak horrela, epaimahaiko kideen bozketaren eta herritarren boto presentzialaren zein telematikoaren bidez, “Carnavaleando sobre la Ría de Bilbao” aukeratu dute kartel irabazle gisa, botoen % 41,33 lortuta.