Iragarri bezala, 2024ko Bilboko Aratusteak otsailaren 3tik 13ra ospatuko dira. Hala, gaur goizean, aurtengo egitaraua eta edizio guztietako protagonista diren Farolin eta Zaranbolas aurkezteko ekitaldia antolatu du Bilboko Jai Batzorde Mistoak Bidebarrietako liburutegian. Gainera, Literatura iragarri dute aurtengo mozorroak aukeratzeko gai modura.
Aurrena, Batzordeko presidente den Itziar Urtasunek jadanik ezagutzera eman ziren 2024ko Farolin eta Zaranbolas aurkeztu ditu: Lutxo Egia (Farolin) eta Jasone Akizu (Zaranbolas). Uriolan idatzi genuen bezala, Lutxo Egia, Santanderren 1969an sortutako bilbotarra dugu, soziologoa ikasketaz, idazlea eta performerra ofizioz. Nagusiki, Zazpikaleetako BIRA espazioko kultura koordinazioan aritzen da baina nobelak, ipuinak eta antzezlanak idatzi eta argitaratu izan ditu. Jasone Akizu, bere aldetik, Jasone Akizu Ondarroan jaio zen 1967an. Txistularia da eta txistu irakasle moduan dihardu BilbaoMusika Eskolan. Azken urteotan Euskal Herriko txistularien Elkarteko lantaldeko kide izan da, lehenik Bizkaiko ordezkari gisa eta gaur egun elkarteko idazkari moduan.
Aurtengo edizioaren berezitasunei dagokienez, antolatzaileek gogorarazi dute Bilboko Aratusteekin zerikusia duten urteurren ugari betetzen direla aurten, besteak beste: 45 urte dira konpartsek aratusteak berreskuratu zituztenetik, 40 urte Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak agertu zirenetik eta 25 urte "Orden Botxera" edo Botxotar Ordena, Farolin eta Zaranbolas izandakoen bilkura, eratu zenetik.
Egitaraua
Ohikoa den moduan, Kopla Txikien lehiaketa izango da egitarauaren lehen ekitaldia. Kafe Antzokian ospatuko da taldekako bertso umoretsu ironiko eta irudimentsuen erronka honen IX. edizioa eta, ondoren, kontzertua egongo da, Afrika Bibang eta The Cherry Boppers-ekin. Kopla txikietarako izen-ematea zabalik dago oraindik, igande honetara arte, urtarrilaren 28ra arte, alegia.
Otsailaren 8an, ostegun arratsaldeko kalejirak, Farolin eta Zaranbolas ezagutzera emango ditu. Kalejira, beraz, Arriagatik abiatuko da 18:30ean, eta Plaza Barrian maskara trukea egingo dute 19:30ean, iazko eta aurtengo Farolinek eta Zaranbolasek. Horrela, Ylenia Bagliettoren eta Lander Otaolaren eskutik jasoko dute lekukoa eta, ondoren, kalejira egingo dute, 20:00etan Unamuno plazatik abiatuta.
Hurrengo egunean, ostiralean, Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa ikusi ahal izango dugu Arriagan, 18:30ean, eta, hiru ordu laurden geroago, pertsonaia horien epaiketa, Plaza Barrian.
Larunbatean, otsailaren 10ean, mozorroen kalejira izango dugu. Ekitaldian, kalejira plater nagusia izango dela onartu arren, eguerdian atolatuko diren ekitaldiei ere erreparatu nahi izan diote antolatzaileek, “agian jendeak ez baitu hainbeste ezagutzen”. Aratuste Zapatu eguerdian, 12:00etatik aurrera, Zabalgunean gauza asko egongo dira: Bilboko gaiteroak, Ardoa Barrura fanfarria, Little Harlem akademia (Tailerra), Gure Lurreko Merkatua (baserriko produktuak), 13:00etan Bilbao Lindy Band! (kontzertua) Plaza Biribileko eszenatokian, eta Zirkozaurre antzerkia egongo da Kale Nagusian.
Biharamunean, igande goizean, erraldoi eta buruhandiek berriro alaituko dute giroa Arriaga plazan eta Alde Zaharrean, eta Plaza Barrian lehiaketa gastronomikoak izango dira. Esnatzen goiztiarrenek Aratusteetako indaba eta torrada lehiaketetan hartu ahal izango dute parte. Izen-emateak 10:45ean zabalduko dira, eta ogiz egindako lau torrada goxoenak aurkeztu dituztenek, euren saria jasoko dute 12:00etan. Ondoren, pontxea banatuko da eta gero indaba lehiaketa izango da. Kazolak 13:30ean aurkezten hasiko dira, eta sari-banaketa 14:30ean izango da. Bestalde, arratsaldean, hainbat euskal dantzaren erakustaldia izango da Plaza Barriko karpan, Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik.
Azken egunetan, astelehen eta astearte goizetan Bilboko Udal Banda eta Txistulari Banda izango dira protagonista, bi kontzertu eskainiz. Eta, bukatzeko, astearte iluntzean, otsailaren 13an, agur esango zaie Aratusteei, sardinaren erreketarekin. “Plaza Barrian hasiko gara, beltzez jantzita, prozesioa prestatzen eta gero Arriagaraino joango gara, bertan su emango baitiogu sardinari 20:00etan”.
Mezu argia onartuko ez diren jarreren inguruan
Egitarauaz eta jaiez gain, egun horietan onartuko ez diren jarrerak gogorarazi nahi ditu Idoia Ugaldek Bilboko Konpartsen izenean. “Aurretik diogu edozein eraso arrazista, LGTBIQ+fobiko, matxista eta kapazitista gaitzetsia izango dela ezein espaziotan, eta aurrean aurkituko gaituela erasotzaileak. Mozorrotzea ariketa eder eta dibertigarria izan dadin, izan dezagun kontutan mozorro iraingarriak ez direla ez eder ezta dibertigarri ere, gozatu dezagun elkarrekin inor erasotu gabe”.