Komunitatea

Gutun Zuria Bilbao, Letren Nazinoarteko Jaialdia aurkeztu dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2024ko urt. 30a, 17:03

Zezeilaren 27tik martiaren 2ra arte.

Azkuna Zentroa, Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroa Gutun Zuria Bilbao Letren Nazinoarteko Jaialdiaren edizino barria jorratzen dabi. Aurten, zezeilaren 27tik martiaren 2ra egingo da Berba dariola izenburupean. Berbearen adierazpen guztietan indarra jarrita, edizino hau topagune bihurtuko da literaturearen inguruan, arte garaikidearen sistemeari jagokonez.

Azkuna Zentroan egindako jentaurrekoan Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkateak, Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendariak, Iván de la Nuez Gutun Zuria Bilbaoko aholkulariak, Rakel Esparza Azkuna Zentroko programazino arduradunak eta Alasne Martín Azkuna Zentroko Mediatekako arduradunak hartu dabe parte. Bestalde, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia eta Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusia be bertan izan dira.

2024ko edizinoa mugarik eta aukera-mugarik bako lurralde bezela planteetan da, berbea eta topaketea ardatz hartuta. Berbea darion alkarrizketan, ehundik gora sortzailek parte hartuko dabe, arteen eta literaturearen, idazketearen eta irudiaren, argitaletxeen eta liburu-denden truke askotariko batean. Jaialdiaren funtsa diran praktiken eta kezken gurutzaketa batean.

Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Pérezen zuzendaritza artistikoagaz eta Beñat Sarasola, Iñaki Esteban, Iván de la Nuez eta María Mur-en laguntzinoagaz, Gutun Zuria barriketaldiaren eta adimen artifizialaren artean ibiliko da.

BBK Sariak: Mariasun Landa eta Juan Mayorga

Urtero lez, BBK eta Azkuna Zentroak BBK Gutun Zuria Bilbao ohorezko sariak emongo ditue. Sari horregaz, euskal eta nazinoarteko literaturako oinarrizko eragileen sormen-lana saritzea da asmoa, ibilbide, lan espezifiko edo kultura-proiektu garrantzitsu bat autortuz.

BBK Gutun Zuria Bilbao sariak, Mariasun Landak, euskerazko ume eta gazte-literaturearen barritzailea, eta Juan Mayorgak, 2022ko Letren Asturiasko Printzesa Saria, antzerkiak eta egileek arte eszenikoei egiten deutsen ekarpena irudikatzen dauena, jasoko dabe, adierazo dau Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkateak.

Jaialdia zezeilaren 27an hasiko da, Mariasun Landari saria emonez, Perkusbika perkusino bikotearen emonaldiagaz eta Patxi Zubizarreta idazlearen berbaldiagaz. Juan Mayorgari, barriz, martiaren 2an emongo deutse saria.

Gutun Zuria

Gutun Zuria Bilbaoren programazinoa goizero hasiko da Auditorioan, Patxi Zubizarreta, Josune Muñoz eta Hélène Vignal lako euskal ume eta gazte literaturako erreferenteen bitartez narrazino sorkuntzako ikasleen topaketakaz. Horrezaz gan, zezeilaren 28ko eta 29ko arratsaldeetan, Mediatekan, Maialen Berasategui itzultzaile sarituaren berbaldia, itzulpengintzaren publiko profesionalarentzat izango da.

Arratsaldero, Bastida Aretoko eta Auditorioko alkarrizketen aurretik, Mediateka topalekua izango da forma narratiboen eta praktika artistiko garaikideen arteko hartu-emonen inguruan berba egiteko. Bertan, Fran Mengual, Lisa Blumen eta Pascale Sévigny-Vallièresek elebarri grafikoa eta ilustrazinoaren inguruan berba egingo dabe, Jorge Carrión Adimen artifizialari buruz jardungo dau eta Isaac Rosa eta Natalia Balseiro etorkizuneko antzokiei buruz ibiliko dira.

Bastida Aretoan, barriz, euskal literatur-sorkuntzeari buruzko topaketak egingo dira, Jon Mikel Euba, Txomin Badiola, Miren Amuriza, Iñigo Astiz, Malen Amenabar, Isabel de Naverán, Nerea Ibarzabal eta Arantxa Urretabizkaia lako egileen parte-hartzeagaz.

Beste alde batetik, Auditorioan, sormen prozesuetara eta istorio personaletara zabaltzen diran berbaldiak egongo dira. Bertan, Abdellah Taïa, Anna Starobinets, Azahara Alonso, Bibiana Collado, Brenda Navarro, Rosa Montero, Brenda Navarro, Lucía Lijtmaer, Nadal Suau edo Gemma Ruiz idazleek parte hartuko dabe.

Jaialdiaren beste jarduera batzuk egongo dira, besteak beste, Desiderata, Mama crea eta Azkuna Zentroak sortutako produkzino eszenikoak. Liburuen garrantziaz hausnartu, irakurri eta idazteko espazioak eta objektuak mimetea da asmoa: Pablo Marteren Eras olerkia zeharkatzen dauen instalazinoa; edo Fabulak antifabulak, Miren Agur Meabe eta Sonia Ruedaren soinu eta ikusizko ikuskizuna, Mikel Inunziaga eta TRACKEN studioagaz batera.

eszenAZ, Azkuna Zentroaren Arte Bizien Denporaldia, Gutun Zuria Bilbaogaz alkartzen da Antes que caiga la noche ikuskizunean, Gaston Corek Euskadin estreinauko dauen jantzea, hip hop eta rap ikuskizunean. Koreografo argentinarraren azken sorkuntzea La Iliada desde la contemporaneidad obrearen barrirakurketea da, rap bataila bihurtua.



Gutun Zuria +PRO

Gutun Zuria +PRO, zezeilaren 28an eta 29an izango da Bastida aretoan. Bertan, argitaletxeek zelan egiten deutsen aurre teknologia barriei planteauko dabe. Esperientzia-mahaien formatuan, egun bietan, erronka horrek jorratu eta landuko ditue publikoagaz, adimen artifizialaren erabilereari eta hainbat arlotako aurrerapen teknologikoei buruz, besteak beste, itzulpena, idazketea, edizinoa, banaketea, komunikazinoa eta egile eskubideak, Fernando Pérezek, Azkuna Zentroko zuzendariak adierazo dauen legez.

Baieztatutako izenen artean, eremu horretako erreferente profesionalak nabarmentzen dira, esaterako, Karlos del Olmo, Antonio Moreno Sandoval, Irene Intxausti, Verónica García, Óscar López, Jorge Carrión, Mercedes Morán, Santiago Mediano, Alicia Sellés, Elena Sánchez Nogales, Fernando Juárez, Lorena Fernández, Jesús Trueba edo José Antonio Ruiz de la Torre.

Gutun Zuria Zabalik

Aurtengo beste nobedadea Gutun Zuria Zabalik da, letren hibridazinoaren inguruko alkarrizketa-gune barria, jaialdiaren argiak amatetan diranean aktibetan dana. Jaialdia urte osoan zehar edegita egion daiten, jaialdian landutako gaiak zabaldu eta jorratuko dira gunean, ikuspuntu, perspektiba eta eztabaida barriakaz.

Era berean, literaturearen inguruan sortzen diran joerak eta eztabaidak aztertuko dira, sorkuntza garaikidearen eta bere testuinguru sozialaren barruan. Oskar Alegria zinemagileak inaugurauko dau Gutun Zuria ZabalikZinzindurrunkarratz bere azken lana aurkeztuz. Ikus-entzunezko ibilbide poetiko bat da,  memorian barrena, haren zati batzuk baino geratzen ez dirala.

Gutun Zurirako sarrerak dagoeneko salgai dagoz hemen.

Gutun Zuria Bilbaok BBKren babesa dau, Etxepareren eta Frantziako Institutuaren laguntzinoa, Renferen eta Cafés Baqueren babesa eta Radio 3, EITB, El Correo, Cadena Ser eta Deia media partner bezela.