2014an jaio zen Txuma Murugarrenen azken diskoari forma eman dion proiektua, Izar & Star zikloaren barnean. Emanaldi honetan bertako artistei atzerriko musikarien abesti edo diskak euskaratu eta haien estilora eramateko proposamena egiten zaie, eta, hala, Txuma Murugarren eta Rafa Acevesi Nick Cave & the Bad Seedsen kantuak moldatzea proposatu zieten. Australiarraren “Nocturama” diska izan zen hautatu zuten lana, eta laupabost kontzertu eman zituzten hura plazaratzeko.
Duela gutxi hartu zuen Murugarrenek proiektu hau “betirakotzeko” erabakia. Hasieratik bere alboan izan den Aceves pianoan, Miguel Ramirez gitarra eta baxuan, Oriol flores baterian, Angel Unzu gitarran eta Gaizka Insusa korutan lagun dituelarik. Egun bakarrean grabatu zuten diska, Mutrikuko AME estudioan, Axular Arizmendi teknikari lanetan.
Grabaketa gordina eta gordina baita ere abestien edukia. Murugarren musikari izateaz gain letragilea ere izan da bere ibilbide osoan, ez da ohiko hura beste norbaiten hitzak kantatzen entzutea. Oraingo honetan, Nick Cave den artista megalitikoaren hitzak euskaratzeko lanaren zama ere izan du sorbaldetan, Caveren paisaia desolatu eta pertsona hautsien irudiak pintzelada berriez irudikatzea haren lan berrian.
Gautegia Kutxa Beltzean
Bihar aurkeztuko du Murugarrenek, bere taldea lagun, “Gautegia” lan berria, Kafe Antzokiko kutxa Beltzean, 20:15etan. Sarrerak eskuragarri daude Kafe Antzokiaren web atarian eta leilatilan ere erosi ahalko dira.