XI. Duintasunaren aldeko martxa ospatuko da bihar Arriaga parean

uriola.eus 2024ko ots. 2a, 12:04

Argazkia: Amnistía Internacional

10 urte igaro dira Guardia Zibilak Tarajal muga-postuan 14 pertsona hil zituenetik

Aurtengo martxa bereziki esanguratsua izango da, 10 urte bete baitira Guardia Zibilak Tarajal muga-postuan 14 pertsona erail zituenetik. 2014ko otsailak 6aren goizean 300 pertsona inguru irten ziren Castillejoko kanpamendutik, Ceuta zeharkatuta Europan sartzeko intentzioarekin. Ceutako muga ezin zeharkatu, eta Tarajal muga-postua izan zen Espainiar lurretara iristeko sarrera posible bakarra. Gendarme marrokiarrek taldea geldiarazi eta 200 pertsona inguru gelditu ziren hondartzan; gendarmeengandik ihes egin ahal izan zutenak itsasora itzuli eta mugako kai-muturra inguratu zuten. Beste aldean Guardia Zibila zegoen zain, zeinak istiluen-aurkako materialaekin eman zien harrera. Gomazko pilotak eta gas negar-eragilearekin erasotu zituzten Guardia Zibilek itsasoan igerian zeuden kideak: 14 pertsona erail zituen Guardia Zibilaren erasoak. Kostara iritsi ziren kideak momentuan bertan itzuliarazi zituen mugaz bestaldera, “beroan itzultzea” deritzon ekintzaren eredu.

Egun hartan mugan zeuden Guardia Zibilen aurkako epaiketa izan zen 2015eko otsailaren 13an, eta urrian bertan itxi zen kasua, inolako deliturik egon ez zela argudiatuta. Kasua bizpahiru aldiz ireki eta itxi da gaur egunera arte, eta 14 pertsona hauen heriotzak ez du inolako eraginik izan. Biharko martxaren antolatzaileek, horrelako gertaerek “migratzea delitua dela berresten dutela” azaldu dute, eta mugetan indarkeria eta bortizkeria hau jasaten dutenek hura “merezi dutela”. Patricia Fernández, Tarajal kasuaren abokatuak, gainera, lekukoak “egoera irregularrean” zeudelako haien testigantzak kontuan hartu ez zirela azaldu zuen, eta administratiboki haien arrastorik ez zegoenez ezin izan zutela deklaratu; Estatuaren legeak halako gertaeretan inplikatutako petsonak nola berbiktimizatzen dituen erakusgarri.

Antolatzaileek Ceuta eta Melilla “ez-leku” bilakatu direla diote, bai geografikoki zein judizialki; Jorge Fernández Díaz, Tarajalko jazoeraren garaian Barne Ministroa zenak, bertan “legea Espainiako beste tokietan bezala aplikatu ezin daitekeela” jarri dute adibidetzat, mugako eremu hauek salbuespen-egoeran bilakatzen dituena. Lege irmorik gabe, legez-kanpo diraute muga zaintzen duten segurtasun agenteek, muga guda fronte bilakatu da.

Dolura, egiara, justiziara, konponbidera eta ez-errepikatzera eskubidea

Duela 10 urte, Tarajaleko gertaera baino egun batzuk beanduago antolatu zen Duintasunaren Aldeko lehen Martxa. Egun hartan zendutako 14 kideen, eta ordutik egundaino hil diren beste horrenbesteren memoriarako ekintza da, egia, elkartasuna, askatasuna eta elkartasuna aldarrikatzen dituena. Antlatzaileen hitzetan, martxak “familiaren garrantziaren adibide dira, ez odolez datorkigun familiarena, zaintza eta babesaren familiarena ere”. Biktimen dolu eskubidea aldarrikatzen dute ekintza honen bidez, baita estatuko eta Euskal Herriko instituzioen mugako egoeraren erantzukizuna hartzeko beharra ere; pertsona guztien ahotsak entzun, dagokien garrantzia eman eta pertsona migratzaile guztien aurkako indarkeria eteteko eskaea irmoa da martxak egiten duena.

Egitaraua

11:00etan kontzentrazioa egingo da Areatzan, Arriaga aurrean, 11:45tan Ceutako mahai-inguruaren eta solasaldiaren proiekzioa egingo da Munduko Medikuen lokalean, non Ceutako Abyla institutuan Patuca Fernandez, Mouctar Bah eta Viviane Ogouk egingo duten solasaldia jarraitu ahal izango den, eta, azkenik, bazkari herrikoia egingo da 14:00etan.