Azken minutu luzeak Bilboko Kafe Antzokiko atean Kopla Txikiaren IX. edizioaren atarian. Urduritasuna nagusi zen azken une erabakigarri haietan; baziren egunean bertan entsegatzen egon zirenak, irabazteko gogo sutsuz hurbildu zirenak, edota, partaidetzaren urrezko legea jarraituz, ondo pasatzera besterik etorri zirenak ere. Denak, betiere, begi-bistako elementu amankomunak batuta: mozorro koloretsuak eta festarako gogoa.
San Bizente elizako erlojua ari zen 20:00etara urbiltzen, eta bazijoazen barrura konpartsakideak, fotocallean look-ak betikoratu eta Done Bikendi Kaleko tabernetan eztarriak berotu ostean. Jendetza pilatu zen Kafe Antzokian, Aratusteei hasiera emateko gogoz, nola ez, jada tradizio bilakatu den kopla txiki leihaketarekin. Altxaporrue konpartsako señorak izan ziren lehenak tranpaldo gainean; konpartsaren 20. urteurrenaren omenez, Kaxianoren abesti mitikoena Beyoncé-ren All the single ladies eta Negu Gorriaken Esan Ozenki uztartu zuten. Eguzkia baino ikuskizun itsutzaileagoa haiena.
Bakarra, handia eta askea!
Eguzkitan luzeegi egoteak gorri egiten omen zaitu, eta eguzkiari begira gorri igo ziren Hontzak konpartsako kideak. Madrilgo Salamanca auzotik etorri berri zirudien lagun taldeak, haien eskubideak p*to defendatzeko p*to prest, nola esan; “Abascal Abascal izan nire lehendakari” kantari zeudela irten zen dantzara lider gorena, txaranga eta pandereta eta guzti.
Aurkezleei kosta egin zitzaien eszenatokian utzi zuten energia gainetik kentzea, baina Hau Pittu Hauko kideek ezinezkoa zirudiena lortu zuten. Jai egun berezi bat merezi izan zuen jaiotza dramatikoak (aurreko konpartsako kideak oraindik haien papelean, gurka eta gurutzeak egiten), eman zioten hasiera euskal gazteriaren aldarri boteretsuari. Salomon eta Ternuaz burutik oinetara, 2009ko Ibilaldia izan litekeen paraje apartera garraiatua izan zen bat baino gehiago. Born this way Gaga Anderearen kantua ereserki, “inoiz baino gehiago izatea” euskalgintzarako bultzada bilakatu zuten.
Bazen behin, urrutiko konpartsa batean
Militantziatik antimilitarismora, eta jaiotzatik eskolara jauzia Sin Kuartel Konpartsaren eskutik. Arkatzak eta alkandorak jantzita, oles oles kantatu zioten bakeari, behingoz esnatuko ote, egunotan gure gailu eta aldizkariak gorriz tindatzen dituzten sarraskien aurka. Hey ho! Stop wars! Ezusteko oihuak Antzokian, Ramonesen abesti ezagunaren doinuaz. Ezpatak, plastikozkoak eta George Lucasen poltsikoa puzten dutenak, horiek bai gustoko.
Poltsikoan txanpon gutxi, baina txartelak goitik behera etorri ziren ostean Uribarri konpartsaren eskutik. Eskudiruaren gainbera eta bankuen kontrol ekonomiko itotzailearen profeziak bazirudien festarako arrazoi ona, baina hala jarri zituzten dantzan Dolly Partonen Jolene abestiaren doinuz, Antzokian bilduta zeuden kideak.
Hello Bilbao!
Mapak eskuan eta galduta agertu zen atzetik turista saldoa, aurpegi gorri eta… “Kaskagorri organization!” Gorri-gorri kaskagorritarrak, Santurtzitik Bilborainoko bidea argazki kamara lepoan eta alkate jaunarekiin batera bizikletan egin zuten Antzokiraino. Trikitixa eta pandero doinuaz, party itzela haiena, eta party-aren atzetik iritsi ziren baita, Bilboko Kafe Antzokiko hondartzetara, pellets famatuak. No es extraño que haya pellets aquí kexu ziren Bizizaleen konpartsako kideak, senide itsastarren irudian, eta dantza mugimendu salbaiez, zabaldu zuten haien aldarria zazpi itsasoetara.
Tongo! Tongo!
Azken kopla txikilariak tranpaldotik jaitsiak jada, epaimahaikideei egotzi zitzaien gaueko lan zailena, sarituak hautatzea. Historia ziklikoa omen da eta hala erakutsi zuen Hontzen garaipen bikoitzak; mozorro eta aurkezpen honenen sariak eraman zituzten besapean, azkenik agurra egiteari uztea lortu zutenean.
Gaueko protagonista eta txapeldun izan ziren Altxaporruko señorak, karameluak eta irrintziak gogoz banatuz jaso zuten saria, eta haien kopla txikiaren beste emanaldi batekin eman zioten itxiera leihaketari, baina ez gaueko ospakizunei; izan ere, Afrika Bibang eta the Cherry Boppers (Patricia Recklessekin batera) izan ziren Antzokian martxa ez amaitzearen erantzule. Joan daitezela konpartsakideak datorren urtekoa prestatzen!