BBK Bilbao Music Legends jaialdiak aurkeztu du aurtengo kartela

uriola.eus 2024ko ots. 9a, 11:59

The Pretenders, The Jayhawks, Blues Pills eta Petti batu dira, besteak beste, aldez aurretik aurkeztu zituzten taldeen zerrendara.

Aurkeztu du aurtengo behin-betiko hamaikakoa BBK Bilbao Music Legends jaialdiak. Aurten ere azken hamarkadetako poparen eta rockaren izen handiak izango dira tranpaldoan. Bi egunetan banatuko da egitaraua: ostiraleko kartelaren buru The Pretenders taldea izango da, Chrissie Hynde abeslari eta gitarrista estatubatuarrak gidatuta. New wave korrontearen sortzaile, Back in the Chain Gang, I’ll Stand by You eta Don’t Get Me Wrong gisako kantu arrakastatsuak daramatzate bizkarrean.

Ostiralean ikusgai egongo dira baita The Jayhawks Minnesotarrak, ia 40 urteko ibilbidea duen country rock alternatibo taldea, eta egun berean, aldez aurretik iragarrita zeuden The Screamin’ Cheeta Wheelies Tenneseearrak, hegoaldeko rock klasikoa jorratzen, eta Susan Santos badajoztarrak gidatutako izen bereko power trioa.

Urtero lez Voodo Child kanpoaldeko eszenatokian bertako taldeen emanaldiez goza ahal izango da; ostiralean bertan izango dira Sotomonte talde bilbotarra, Jokin Salaverria buru; ukitu progresiboa duen hard rock eta folka uztartzen dituen denominazio propiodun “Hard Folk-az”, “from Prayer to the Battlefield” lehenengo laneko eta aurten kaleratuko duten bigarren laneko abestiak aurkezten. Arnau Coderch country folk kantugilea izango da baita, haren Honky Tonk Loosers talde prestuarekin batera, “The Road” disko autoekoiztua aurkezten; eta, azkenik, Uribe Kostako Ziin & the Melody Breakers izango dira Voodo Child taula gainean, blues, soul eta rock abestien bertsioekin.

Larunbata

Larunbateko egitaraua laburragoa izango da, baina ez hala apalagoa: Deep Purple eta Canned Heat erraldoiak izango dira kartelaren buru, bluesaren eta rockaren ibilbidean guztiz ezinbesteko taldeak. Blues Pills suediarren rock psikodelikoak eta Petti beratarrak osatuko dute larunbateko eszenatoki handiko hamaikakoa. Voodo Child taula gainean, aldiz, Nevadah durangotar garageroak, rock & roll eta blues klasikoenaz blai, 2021etik ilunpean egon ostean zuzenekoetara itzuleran; Kinki Boys Power Trioa izango da baita haien jaioterria post punk eklektikoaz astintzen haien “El País de las Maravillas” lan kaleratu berriarekin; eta, azkenik, Berangotik The Ribbons 60. hamarkadako garagea eta 70. hamarkadako New Yorkeko punka uztartzen dituen proposamen indartsua. Berangoko Grabasonicetik jaio eta estilo anitzeko taldeekin taulak partekatu ostean (Rat-Zinger, Seventy Seven (“77), Hard Buds, Sumission City Blues, Señor No, Atom Rhumba, Nuevo Catecismo Catolico, The Renegados,…) haien energiaz piztuko dute Music Legendseko taula.

Sarrerak salgai

BBK Music legendsen VII. edizio hau ere bilbo Arena Miribillan ospatuko da, ekainaren 14 eta 15ean. Bi egunetarako edota egun bakoitzerako sarrerak jada salgai daude jaialdiaren web atarian. 14 urtetik beherako gazteek ez dute sarrera ordaindu beharko eta 16eta 18 urte bitartekoek eskuragai dute guraso edo tutoreen oniritziarekin bakarrik joateko bertaratze-baimena.

Egitaraua

EKAINAK 14, OSTIRALA

THE PRETENDERS

THE JAYHAWKS

THE SCREAMIN’ CHEETAH WHEELLIES

SUSAN SANTOS

 

Voodoo Child:

SOTOMONTE

ARNAU & THE HONKY TONK LOSERS

ZIIN & THE MELODY BREAKERS

 

EKAINAK 15, LARUNBATA

 

DEEP PURPLE

CANNED HEAT

BLUES PILLS

PETTI

 

Voodoo Child:

KINKI BOYS

NEVADAH

THE RIBBONS